- Zarauzko Gipuzkoa kaleko 1 eta 3 zenbakien arteko espaloia (San Frantzisko eta Mantzisidor kaleen artekoa) konpondo du bertako Udalak.

Itxuraz lanak bukatuta badaude ere, Udalak zati batzuk hobetzeko eskaera egin dio obra egin duen enpresari. Izan ere, hainbat eremutan baldosak ez dira lauak gelditu. Beraz, jakinarazi dutenez, bi aste gehiagoz luzatuko dira inguru horretako lanak.

Eremuaren irisgarritasuna hobetzeko asmoz egin dute obra. "Antoniano ikastetxearen eta Oteiza Lizeo Politeknikoaren parean zegoen galtzada-harrizko espaloiaren zati hori oso hondatuta zegoen, Gipuzkoa kaleko tarte horretan dauden tamaina handiko gaztainondoen sustraien eraginagatik", adierazi zuen Zarauzko alkateak, Xabier Txurrukak. Hala, adokinaren ordez, baldosa hidraulikoak jarri dituzte eta malda eta espaloiaren lautasuna hobetu.

Provisa Vías y Obras SLU enpresa arduratu da berritze lan hauek guztiak egiteaz, eta 48.398,78 euroko prezioa izan dute, BEZ barne.