Hondarribi Zuri barietateko lehen bi bermutak sortu ditu arauzko Talai Berri txakolindegiak: Mari Gorri eta Mari Zuri.

Bi bermut hauen aurkezpena ez da berezia izan, ordea, produktuaren berrikuntzagatik bakarrik; lau urteko lanaren ondoren, pandemiaren erdian aurkeztu behar izan baitute. "Mari Gorri eta Mari Zuri bermuten historia duela lau urtetik dator. Estatu Batuetako bezero batek eman zigun ideia eta ordutik lanean ibili gara gustuko zaporea lortu arte. Inork ez zuen aurreikusten, ordea, koronabirusak bete-betean harrapatuko zigunik", azaldu du Itziar Eizagirre Talaiberri txakolindegiko arduradunetako batek.

Kasualitateak tarteko, "zalantza asko" izan badituzte ere, hasierako aurreikuspenei kasu egin eta edaria merkaturatzea erabaki dute. "Beldur ginen guztia gelditu baitzen eta guk, batez ere, inguruko taberna eta jatetxeekin egiten dugu lan. Beraz, pandemiak eragin zuzena izan du guregan. Hala ere, jendeak eran-tzun ona izan du eta etxean bermuta kontsumitzen hasi da", ziurtatu du Eizagirrek.

Ezaugarrien aldetik, hitzak esaten duen bezala, batak gorri kolorea du eta besteak zuria. Hala ere, biak Hondarribi Zuritik datoz. Lehenak, "usain gozoa du eta ahoan puntu mikatz eta bizia izatera heldu daiteke". Bigarrena, aldiz, guztiz ezberdina da "zaporez zitrikoagoa da".

Hasieratik Zarauzko Borda eta Lukas ardotegia izan dira salmenta puntu bakarrak. Orain, jarduera itzultzearekin batera, herriko hainbat tabernetan ere eskaintzen hasi dira eta beraien asmoa, datorren asteetan Espainian dituzten banatzaileengana iristea da.

Normalitate berriarekin batera, ardo hauen kontsumoa zabaltzea eta igotzea espero dute, baita Talai Berri txakolindegian bisita gidatuei buelta ematea ere.

Martxoaren erdialdetik "erabat gelditua" egon da upategia, eta pasa den astean ekin zioten. Oraingoan, gainera, ohikoa ez den arren eta arauak tarteko, gerturatu ziren guztiak gipuzkoarrak izan ziren. "Japoniako biztanleen portzentaia oso altua izaten da gure txakolindegian. Gure kultura asko gustatzen zaie eta esan beharra dago beraien ohiturekin oso ondo doala txakolina", argitu du Eizagirrek.

Udarari begira, Japoniako bisitariak jasotzea espero dute. Hala eta guztiz ere, bertakoentzako jaiegun baterako "plan berezia" izan daitekeela jakinarazi du.