rioko Udalak atzo egin zuen lehen hitzordua publikoki martxoa geroztik. Anuska Esnal alkateak eta Xabier Ibarguren kultura, festak eta gazteriako zinegotziak, azken hilabeteotan COVID-19a dela eta Udalak alorrez alor hartu dituen neurrien berri eman zuten eta Orio berpizteko asmoz, hainbat proposamen ere azaldu zituzten.

Krisi honetan kalte handiak jasan dituen sektorea izan da merkatari-tza eta ostalaritzarena. Zentzu honetan, herriko komertzio askok berriro zerbitzua ematen hasi diren arren, geldialdi honek sortutako "hutsunea" betetzeko asmoz, erosketa-bonuak jarriko dituzte martxan datorren astelehenetik aurrera. "Batik bat itxita egon diren dendei dago zuzendua, edo egoeraren ondorioz beraien dirusarreretan %75eko kaltea izan dutenentzat", azaldu zuen Esnalek. Paraleloki gehitu zuen ekimen honen helburua "alde batetik, herriko merkatariei laguntzea dela". Bestalde, "herritarrei ere bultzada bat" eman nahi zaie, "krisi honetan ikusi dugun bezala, denda txikiak baitira herriaren sostengu".

Dinamika horrekin jarraitzeko sortu dituzte erosketa-bonuak. Larrialdi egoera honetan "berehalakotasunez" jarriko dira hauek martxan, baina "kolpe batean izugarrizko laguntza sortu ordez", urtean zehar dosifikatu nahi dute babesa. Beraz, kanpaina honekin hasiko diren arren, abendura arte luzatuko da, udalak diru poltsa bat horretara bideratuko baitu.

Bertako komertzioa indartzeko bide berean, ikusita merkataritza itxita egon ostean ze egoeratan ireki dituzten dendak, Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion! kanpaina jarri dute martxan.

Ostegunetako azokari dagokionez, duela bi aste jarri zuten martxan babes-neurri eta berme guztiekin. Azoka honetara etortzen diren postu horiek zerga bat ordaintzen dute bide publikoa okupatzeagatik eta tasa horiek erdira murrizteko erabakia hartu dute.

Ildo beretik, udal eraikinetan ematen diren ostalaritza- zerbitzuetan, hondartzako eta campingeko tabernak kasu, murrizketa bat egingo zaie urteko kanonetan. Oraindik ez dute zenbatekoa finkatu. Izan ere, aurrez balorazioa egingo dute kaltearen dimentsioa jakiteko.

Ostalaritzako lokaletako terrazei dagokienez, ezarritako aforu mugak kontuan hartuta, "ahalik eta gehien handitzen" ahalegindu dira, betiere pasabideak eta irisgarritasuna betez. Gainera, terrazen zerga %95 jaitsiko zaie negozioetako jabeei. Arau hau baita ere merkatariek bide publikoa okupatzen duten kasuetan (kanpoko postuak) aplikatuko da.

Erabaki hauek egun hartu badira ere, alarma egoera ezarri bezain laster, Orioko Udalak gizarte zerbitzuetan jarri zuen fokua. Hasieratik helburua, "egoera zailetan dauden herritarrei irtenbideak eskaintzea izan da". Zentzu honetan Ensalek jakinarazi zuen, "iaz urte osoan baino larrialdi lagun-tza eskari gehiago" jaso dituztela dagoeneko. Elikagaien bankuari ere ekarpen ekonomikoa egin behar izan diote arrazoi bera tarteko.