- Azpeitiko Udalak Donejakue kaleko 7. zenbakian (apaiz etxean) egitekoak diren lau etxebizitza tasatuen obrak lehiaketa publikora atera berri ditu. Proiektua 691.796 euroko aurrekontuarekin atera da enkantera eta adjudikatzaileak 18 hilabeteko epea izango du etxebizitzak eraikitzeko (interesatutako enpresek ekainaren 1era arte aurkez ditzakete proposamenak).

COVID-19a dela-eta, epe administratiboak etenda izan dira baina, hala ere, Udalak lanean jarraitu du: “Alarma egoeraren ondorioz, epe administratiboak etenda daude, baina Udala lanean aritu da, eta aukera dagoenean orain kontratazio hau bezala, beste prozesuak ere abian jarriko ditugu”, adierazi du Josu Labaka zinegotziak.

Bide horretan, Esklabak-Iturzulo eremuko lehen faseko babestutako etxebizitzen obrak “martxa onean doaz aurrera”. Bigarren fasean eraikitzekoak diren etxebizitzen zozketa, berriz, atzeratu beharra izan da: “Alarma egoeraren ondorioz alegazio epea etenda dago oraindik, eta alegazio epea bukatzea ezinbestekoa da zozketa egin ahal izateko. Hala ere, zozketa ahalik eta azkarren egiteko aukerak aztertzen ari gara”, gaineratu du Labakak berak.

Udalak herritarren etxebizitza premiari erantzuteko, beharraren inguruko azterketak egin zituen, “etxebizitza publikoak eraikitzeko konpromisoa hartuz”.

Hala, 2019ko udaberrian Esklabak-Iturzuloko lehen faseko etxebizitzak eta Donejakue kaleko eta Bustinzuriko errebaleko babestutako etxebizitzak esleitzeko zozketa egin zuen.

Iazko urtea bukatzerako Esklabak-Iturzulo eremuko lehen faseko obrak hasi eta bigarren faseko etxebizitzen zozketa jarri zuen abian. Orain Donejakueko etxebizitzak eraikitzeko obren lehiaketa abiatu da, eta “epe motzean” Bustinzuriko Errebaleko etxebizitzak eraikitzeko lehiaketa ere jarriko da abian.