- Zumaiako Udalak WiFi4EU programarako eskaera egin zuen 2018an. Eskaeraren onarpenaren ostean,beharrezko izapideak egin eta proiektua zehaztuta, martxan dira dagoeneko zerbitzu hau instalatzeko lanak. Egunotan antenak jartzen ari dira hainbat guneetan. Hala, herriko plazetan eta hainbat eraikinetan wifi sare publikoa eta doakoa izango dute herritarrek.

Zehazki, Zumaiako ondorengo lekuetan izango da erabilgarri: Amaia plazan, Gernika parkean (Portuko geltokiaren inguruan), Beheko plazan, Victoriano Arrate kalean, frontoian, Kiroldegiko harmailetan, Musika Eskolan eta Komentuan. Oikia, Artadi eta Narrondoko plazetan ere jarriko dute wifi-eremua.

Hasiera batean, lanak ekaina amaierarako bukatuak izatea aurreikusten zen. Ezohiko egoerak, ordea, atzerapenak sortu ditu eta Europar Batasunak zortzi hilabetez luzatu du proiektua amaitzeko epea. Beraz, lehenengoak jartzen hasiak diren arren, zerbitzuaz gozatzeko hilabete batzuk itxaron beharko dituzte zumaiarrek.