- Orioko udal liburutegiko jendaurreko zerbitzuak etenda jarraituko badu ere, erabiltzaileek aukera izango dute liburuak maileguan hartzeko.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako katalogoaren webgunera sartu beharko da eta bertan Orioko udal liburutegiaren eskaintzan klikatu beharko da (https://www.euskadi.eus/web01-a2libzer/eu/contenidos/biblioteca/x42t_biblio_216/eu_def/index.shtml ).

Erabiltzaileak interesatzen zaion liburua hautatu ondoren, eskaera egin beharko du liburutegia@orio.eus mezu bat idatzita edo 943 83 33 77 telefono zenbakira deituta (16.00etatik 19.30era bitartean).

Hala, bihartik ostirala bitartean erabiltzaileek maileguan hartutako liburuak etxez etxe banatuko dituzte herrian sortutako zaintza-sareko boluntarioek, betiere beharrezko babes-neurriak hartuta.

Maiatzaren 11tik aurrera, herritarrek liburu bila kultur etxera joateko aukera izango dute, gauzak ondo bidean.

Bestalde, egun horretatik aurrera, liburuak itzultzeko betiko sistema erabili beharko da: liburuak kultur etxearen sarreran dagoen maileguak itzultzeko kutxan utzi behar dira (ordura arte, ezingo da itzuli).

Orioko Udaletik argi utzi nahi izan dute prozesu guztiak beharrezko neurriak hartuta egingo dituztela herritarren etxeetara iristen diren liburu guztiak behar bezala desinfektatuta egon daitezen eta banaketa baldintza sanitario egokitan egin dadin.