- Getaitri Triatloi Elkarteak sare sozialen bidez iragarri duenez, maiatzaren 1ean egitekoa zen Getariako Triatloia bertan behera geratu da.

Elkartetik azaldu dutenez, izena eman duten guztiei dirua itzuliko zaie ordainketa egindako txarteleko zenbakira.

Aurtengoa VI. edizioa izango litzateke eta kirolariek ohiko zirkuitua bete behar zuten: 750 metro igerian Malkorbe hondartzatik hasita, 20 kilometro bizikletan eta bost kilometro korrikan. Helmuga Kale Nagusian zegoen aurreikusita.

Getariako probak Euskadiko Triatloi denboraldia ireki behar zuen eta urtero lez, egun garrantzitsua izango zen getariar zein triatletentzat. Arrakastatsua bilakatu da azken urte hauetan hitzordu hau, dortsal guztiak 24 ordutan saldu baitziren. Zaletuek datorren urtera arte itxaron beharko dute kirol probaz gozatzeko.

Ekainaren 13an jokatzekoa den Zarauzko Triatloiak, egoera honen aurrean hartuko duen erabakiaren berri emango du apirilaren 13an. Baina webgunean aditzera eman dutenez, egun horretan ospatzea zaila izango da eta, diotenez, dagoeneko, data berri bat lortzeko lanean ari dira, Zarauzko Udala eta erakundeekin batera.

Zentzu honetan, mahai gainean dituzten aukerak 2021 urterako dortsala gordetzea eta itzultzea eta egunez aldatzea dira. Hau guztiaren berri emango dute datorren hilean.