- Azpeitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu azken egunotan koronabirusak adinekoen eta patologia desberdinak dituzten herritarren osasuna eta egoera pertsonalean izan ditzakeen ondorioekin kezkatuta.

Hasteko, eguneko zentroa eta eguneko unitatea itxi zituen "prebentzio neurri gisa" eta horren ondoren bi telefono (943 157 192 eta 943 547 983) eta helbide elektroniko bat (gizarte@azpeitia.eus) jarri zituen adinekoen eta patologia desberdinak dituzten herritarren eskura "beren beharrei erantzuteko ".

Hala, eguneroko jardunerako laguntza behar dutenei (erosketak egin, botikararen baten beharra€) udal baliabide eta boluntarioen bidez eskaini zaie laguntza aste honen hasieratik.

Orain, berriz, beste pauso bat eman du Udalak koronabirusaren aurrean ahulenak diren herritarren ongizatea bermatzeko. Leire Goenaga, Gizarte Zerbitzuetako Batzordeburuak, azaldu duenez, "adinekoen eguneroko beharrei erantzutea eta etxean egoteak sor dezakeen bakardade eta ezinegonak kezkatzen gaitu gehien, eta horiek arintzeko neurriak hartzen jarraitzen dugu". Hori dela eta, "pertsona horiek ere asistentzia eta laguntza profesionala jasotzeko aukera izango dute".

Zerbitzu hori ezagutzera emateko, 70 urtetik gorako 2.528 herritarrei telefonoz deitzen hasi ziren atzo udal langileak, herrian eratu den boluntario sarearekin elkarlanean. Dei horien bidez herritarrei beren egoeraren eta dituzten beharren inguruan gelde-tzen zaie: "Herritarrak etxean ondo egotea nahi dugu, bakarrik badaude ere atendituta egotea da gure helburua. Ez dugu inor bakarrik sentitzerik nahi, eta guztiekin ahalik eta epe motzenean harremanetan jartzea nahi dugu", zehaztu du Goenagak.

Telefono dei horiek egindakoan, 70 urtetik gorako herritarren gaur egungo egoera zein den hobeto ezagutu ahalko du Udalak, eta behar berriak detektatzen badira "horiei erantzuteko beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak" jarriko ditu.