Herri bat. Zarautz esango nuke.

Mendi bat. Xoxote edo Pageta mendiak asko gustatzen zaizkit paseatzera joateko.

Hondartza bat. Mollarriko hondartza txikia.

Txoko bat. Edozein ibai dagoen eremua.

Paisai bat. Borda bat dagoen paisaia.

Festa bat. Zarauzko San Pelaio jaiak.

Jaki bat. Zaila da erantzutea. Egia esan denetik jatea gustatzen zait.

zarautz - III. Mahasti Krosa anto-latu du Zarauzko Talai Berri txakolindegiak Udalaren laguntzarekin. Bihar lehiatuko da mendi lasterketa, 10.30ean hasita, eta 7,6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek. Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirrek, lasterketako xehetasun guztien berri eman du.

Duela hiru urte jarri zenuten martxan lehenengoz eta jada, Mahasti krosaren hirugarren edizioa ospatuko da aurten...

-Bai, Talai Berri txakolindegiak 25. urteurrena bete zuen duela hiru urte, eta aitzakia hori hartuta, antolatu genuen I. Mahasti Krosa. Hasieran, ez geneukan pentsatua ekimen honi jarraipena ematea, baina jendearen erantzun ona ikusita, errepikatzea erabaki genuen eta orain, urteroko ohitura bilakatu da.

Modalitate honetako proba bakarrenetakoa izango da zuena, ezta?

-Bai, ez dago beste inon lasterketa honen parekorik. Burdeosen, upategi batetik bestera egiten da lasterketa bat baina hori, maratoia da. Errioxan ere bada beste bat, an-tzekotasunak izan ditzazkeena baina hau, bakarra da.

Ze berezitasun ditu?

-Hasteko mahasti artetik ibiltzea eta paisaia ere zoragarria da. Mollarritik pasatzen da lasterketa eta hori jaistean, hondartza guztia eta Getaria ikusi dezakete korrikalariek. Indarra duenak eta burua altxa dezakeenak, paisaia zoragarriaz aprobetxatu dezake.

7,6 kilometroko lasterketa izango da biharkoa. Ez da hain luzea, baina bai gogorra, ezta?

-Bai, ibilbidea aldapatsua da eta azken egun hauetan euri asko egin du. Beraz, mahasti ingurua lokaztua egongo da. Askok, ordea, nahiago izaten dute lursorua hala egotea. Ikuslegoarentzat ere oso polita da. Lasterketa osoa ikusi daiteke puntu berdin batetik.

Zein izango da ibilbidea?

-Ibilbidea Talai Berri txakolindegitik hasi, Mollarriko kargaderora jeitsi, mahastira igo, bertako lursailetan zehar igaro eta berriz ere Talai Berrira itzuliko da.

Mahasti artetik korrika egiteak ez al du eraginik uztan?

-Garai hau arrazoi horrexegatik aukeratzen dugu. Hemendik aurrera, ernetzen hasten da landarea eta orduan, adarrak ikutu ezkero, landarea puskatzeko aukera dago. Oraindik, ordea, loratu gabe dago eta beraz, urte garai honetan egin behar izaten dugu. Alde honetatik, korrikalari kopurua ere mugatu egiten dugu.

Hori da. 100 korrikalarik hartu dezakete parte gehienez. Zenbatek eman dute izena dagoeneko?

-60 korrikalari inguruk eman dute izena oraingoz. Baina, urtero bete da eta kanpoan geratu ere egin dira. Oraindik eman daiteke izena proban, herrikrosa.eus atarian eta lasterketa baino ordu bat lehenago ere izango da horretarako aukera.

Kirola egiteko aukeraz gain, jatekoa ere izango da biharkoan...

-Bai, lasterketa amaitutakoan, txakolina eta Eusko Label elikagaiekin egindako pintxoak izango dira salgai txakolindegian, korrikalarientzat eta ikusleentzat. Pintxo bakoitzak euro bat balioko du, baita txakolin tragoak ere. Dastaketan ateratako dirua Eusko Label produktuak erosteko erabiliko dugu eta, ondoren, produktu horiek Zarauzko Caritasi emango dizkiogu. Beraz, herritar orori egiten diogu bertaratzeko deia.