zarautz - Inauterietako programa osoa aurkezteaz gain, kartel lehiaketako sariak banatu zituzten ostiral arratsaldean, Zarauzko Euskalduna tabernan. Aurten, guztira, 34 lan aurkeztu dira eta horietatik epaimahaiak gehien gustatu zaizkionak aukeratu ditu. Hiru sari eman dira: lehenengo bi kartelik onenak eta publikoaren saria (Facebook plataformaren bidez atsegin dut gehien lortu dituen lana).

Aurtengo kartel lehiaketako irabazlea, eta beraz, Zarauzko Inauteriak iragarriko dituena, Naiara Larrañagarena (Orio) da. Zarauztar ileordea lanari esker lortu du lehen saria. Izenburuak dion bezala, Inauteriekin hain lotura handia duen ileordea hartu du gaitzat Larrañagak.

Horren ordez, ordea, Zarautz bereizgarri egiten duten olatuak irudikatu ditu. Olatuen artean, Zarauzko hainbat leku ikusi daitezke: Torreoia eta hondartzako toldoak, esaterako.

Aurten, "kataluniarrek presentzia handia izan dute Zarauzko Kartel Lehiaketan", azaldu zuen Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. Eta hain zuzen, bigarren saria eta publikoaren saria Kataluniara joan dira. Bigarren saria Ainara Vidali egokitu zaio. Circus izena jarri dio Zarauzko Inauteriak iragartzeko egin duen bere sorkuntzari.

Publikoaren saria, berriz, Carmen Céspedesek eskuratu zuen. Ezin izan zuen bertan izan, urruti geratzen baitzitzaion ekitaldia, baina, bere lana ikusteko aukera izan zen. Inauteriak 2020 izenburupean aurkeztu zuen.

Lehenengo biek dirutan jaso zuten saria eta Facebook bidez aitorpena jaso zuenak, berriz, Euskalduna tabernan afaltzeko aukera izango du. -A.Z.