Datozen urteetako erronkei erantzuteko helburuarekin, Zarauzko Udal Gobernuak 2020-2023 Agintaldirako Plana sortu du. Bertan jaso dituzte agintaldirako helburu estrategiko nagusiak lortzeko jarduera garrantzitsuenak. Xabier Txurruka alkateak, atzo ospatu zen aurkezpenan azaldu zuenez, udal langile eta teknikarien laguntzarekin, agintaldi honetako ekintzak "behar bezala" planifikatu dituzte.

"Plan honek udal antolaketa etakudeaketa eraldatu nahi ditu", azaldu zuen alkateak: "Zarauztarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzen jarraitzea da helburua, proiektu desberdinei dagozkien ildo nagusiak zehaztuta"

Hala, hiru arlo nagusitan banatu dute lau urtetako gobernu ekintza: Herritarrak, Lurraldea eta Antolakuntza.

Herritarrak atalean, zarauztarren ongizatea bermatzeko jarraibideak zehaztu dituzte. Alde honetatik, Gobernuko ekintza guztiak herritarrei zuzenduta daudela adierazi zuen alkateak: "Horrela izan behar du derrigorrez, udal baten betebeharra herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea izan behar baitu".

Lurraldea atalari dagokionez, etxebizitza, kalitatezko enplegua, jarduera ekonomikoei bultzada eta naturguneen inguruko ekintzak jaso dituzte, besteak beste.

Antolakuntzan, berriz, udal antolamenduaren eta arreta zerbitzuaren inguruko hainbat gai landu dituzte.

122 EKINTZA Guztira, 122 ekintza zehatz jaso dituzte 2020-2023 Agintaldirako Planean, hiru ildo nagusi horietan banatuta: 61 ekintza Herritarrak atalean, 26 Antolakuntzan eta 35 Lurraldean. Horietako batzuk martxan daude dagoeneko eta "beste hainbati berehala helduko diegu". Hain zuzen, dokumentuaren bukaeran kronografia bat ere gehitu dute, datak zehazteko. "Garrantzia eman nahi diogu aurrekontuei, baina baita ere, egutegia eta epeak finkatzeari", zehaztu zuen alkateak.

Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, 30 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dutela aurreikusten dute. Aurreko legealdiarekin alderatuz, oraingoan, bikoiztu egingo da alderantzikatzea.

Inbertsio horietako asko udalak beregan hartuko ditu baina dagoeneko, beste administrazioekin harremanetan jarri dira zenbait partida lortze aldera.

Hala ere, Txurrukak jakinarazi zuenez, agintaldiko plangintzan jasotako ekintzak, ez dira burutuko diren guztiak. "Egunerokotasunean askoz ere zerbitzu gehiago eskaintzen ditu udalak, baina ohikotasunetik ateratzen direnak nabarmendu ditugu".