orio - Orioko Herri Ikastolak lotura berezia izan du betidanik Ruandako Gihara zentroarekin. Bertako irakasle eta zuzendari ohiak, Demetrio Esnaolak, hainbat urte igaro zituen misiolari lanetan Afrikan eta duela 20 urte ingurutik ez dute bi herrialdeen arteko erlazioa galdu.

Hala, aurten ere, Gabon Eskean, tonbolan eta Santa Eskean jasotako dirua Esnaolari eman diote Ruandara bideratu dezan. "Duela 20 urte Gabon Eskean eta Santa Eskean ateratako dirua bakarrik bidaltzen genuen Gihara zentrora. Egun, ordea, Gabon Egunean tonbola egiten dugu eta hortik ateratzen dugu diru gehien", azaldu zuen Jon Manterola, Orioko ikastolako irakasleetako batek. "Herriko hainbat merkatariek beraien dendetako produktu eta osagarriak helarazten dizkigute eta hein batean, beraiei esker atera dezakegu hau guztia aurrera", jarraitu zuen.

Ekimen guztiak batuta, 4.000 euro baino gehiago atera dituzte Orioko herriko gazteek eta horietatik 2.000 euro inguru Gihara zentrora bideratuko dituzte. Zehaztasun guztiak hurrengo hilabeteetan emango dituzten arren, aurreratu dutenez, Oriotik bidalitako dirua jangela bat egiteko erabiliko dute, batik bat.

Beste erdia, gutxi gorabehera, kurtso honetako DBH-4ko ikasleak ikasbidaiara joan ahal izateko gordeko dute. -A.Z.