AIA. Betiko hezkuntza eredutik at, jolasaren bitartez haur bakoitzak bere erritmora ikasten du Aiako Zingira Eskola txikian. "Material guztia beraien eskura dute haurrek, baina ez diegu presionatzen, beraiek erabakitzen dute zein den momentua", esan du Eli Sanchez Zingira eskolako koordinatzaile pedagogikoak.

Duela zortzi urte eskola txiki hau. "Hezkuntza tradizionalak egiten duen eskaintzak behar pilo bat asetu gabe uzten ditu eta haurra, hirugarren plano batean uzten da: Edukiak beste norbaitek aukeratzen ditu, espazioak ez dira erakargarriak pedagogiki. Orduan, emozioak ez dira lantzen, oso pobrea da", dio koordinatzaileak. Horri erantzuna emateko asmoz bildu ziren hamar familia. Beraien helburua, hezkuntza eredu alternatibo bat garatzea izan da hasieratik. Garbi dute jolasaren bitartez barneratzen direla gauzak hobekien. Hori praktikan jartzeko, hainbat espazio atondu dituzte elkarlanean, haurren interesen arabera: irakurketa txokoa, egur tailerra, agur goxoa lekua, sukaldea, baratzea...

"Eskaintza anitz batekin beraien behar ezberdinak asetzen dituzte eremu hauek: emozionalak, kognitiboak, fisikoak..." Azken finean, "eskola tradizionaletan, eserita, geldirik eta hitz egin gabe egon behar dute. Gure ustez, hori ez da pertsona baten beharra. Gu, etengabe gaude hizketan, mugimenduan", azaldu du Sanchezek.

Egun, hiru eta hamaika urte bitarteko 21 haurrek osatzen dute eskola, baina argi utzi nahi dute adina zehaztu gabe dutela: "Normalean haurrak aukeratzen dute Zingirako zikloa noiz bukatzen den", zehaztu du Xumar Altzugaraiek, proiektuko gurasoetako batek.

Umeak beren ikaskuntzan partaide aktibo izateko, ikasketa prozesu horretan helduak nahitaezko dira. Horretarako, denbora guztian lau bidelagun dituzte ondoan. "Hauek asko zaintzen dute beraien portaera edo jarrera helburua, umeak motibazioaren indarrez egin nahi duena egiteko askatasuna sentitzea baita".

Egunerokotasunean, 9.00etatik 15.00etara joaten dira Zingirara baina, "sarrera ordua malgutasun osoz ematea beharrezkoa iruditzen zaigu, beraz, ordu bateko tartea uzten dugu", argitu dute Zingirako arduradunek.

Urola Kostan eta Euskal Herrian gutxi dira horrelako eskaintza dutenak, baina sortzaileen arabera, goruntz doa mota hauetako zentro kopurua. Izan ere, "gizartea konturatzen ari da behar batzuk badirela arlo honetan. Gizartea eraldatzen doa eta hezkuntza oso zaharkitua ari da geratzen".

Hau guztia errealitate izateko, lan handia egin du urte hauetan guztietan talde honek. Ez baita erraza mota honetako hezkuntza alternatiboak finantzatzea. Haur bakoitzak 270 euro inguruko kuota jarri behar izaten du hilero, baina hori ez da nahikoa proiektua aurrera ateratzeko. Beraz, Zingira eskolaren beste diru-iturrietako bat kanpina da.

kanpina Lehen urteetan kanpineko eraikinetako baten zati bat bakarrik alokatzen zuten familiek, ikasturte garaian. "Duela hiru urte, jabeak kanpina saltzeko edo alokatzeko asmoa zuela plazaratu zigun. Orduan, gurasoen batzarra egin, eta aukerarik onena alokatzea zela iruditu zitzaigun. Kooperatiba bat sortu genuen familien artean, eta kanpina guk kudeatzen dugu udan, eskola finan-tzatu ahal izateko, batik bat", adierazi du Altzugaraik. Aurten, ordea, ez daude ziur beraien erantzukizuna izango den kanpina kudeatzea. Izan ere, "lan handia eskatzen du eta buru-belarri gabiltza momentu honetan tarteko zerbait bilatu nahian". Dena den, ohi bezala, kanpina eskolak bukatu ondoren irekiko da, ekainaren amaieran eta kurtso berria hastearekin batera, itxiko ditu ateak. Horrelakoxea da Zingira, udan zehar naturaren lasaitasuna trasmititzen duen kanpina; errekaren eta animalien hotsek bakarrik hausten dute bertako isiltasuna, eta nola ez, ia astero antolatzen dituzten kontzertuek. Eta, urtean zehar, berriz, astelehenetik ostiralera, umeen jolas-hotsek.