Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak Karmele Igartua Sorkuntza lehiaketaren XV. edizioa abian jarri dute. Aurtengoa, gainera, Udalarekin elkarlanean antolatzen den bederatzigarren aldia da, eta, urtero bezala, poeta aretxabaletarraren omenez egingo da.

Deialdi honen helburua euskarazko literatura sustatzea da eta, aldi berean, sortzaile berriei bultzada bat ematea. Hala azaldu du gaur Bergarako Idazle Eskolako ordezkari den Itziar Gomezek: "Lehiaketak literatur lanak saritzeaz gain, idazle berrientzako pizgarria ere bada".

Oinarriak eta baldintzak

Lehiaketa honetan, euskaraz idatzitako poesia-lanak izango dira ardatz nagusia, eta 16 urtetik gorako edonork esku har dezake. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta jatorrizkoak izan behar dute, aurretik argitaratu edo saritu gabeak.

Gutxienez 500 eta gehienez 800 lerro izan behar dituzte lanek, eta gaia librea izango da. Posta arruntez zein elektronikoz (kultura@aretxabaleta.eus) bidal daitezke, eta aurkezteko azken eguna 24a izango da.

Lehiaketaren oinarriak. A.U.

Epaimahaia eta saria

Aurtengo edizioko epaimahaia Itziar Gomezek, eta Felipe Juaristi eta Pako Aristi idazleek osatuko dute.

Irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du abenduaren 20an egingo den ekitaldian. Aukeratutako lana Aretxabaletako Udalaren eta Bergarako Idazle Eskolaren jabetzakoa izango da, egilearen eskubideak errespetatuta.

Karmele Igartuaren omenezko areto berria

 Bekaz gain, joan den uztailean inauguratu zen Karmele Igartuaren omenezko aretoa, bere izena daramana, komentu zaharrean.