Pasa den ostegunean, iaz nabarmendu ziren kirolariak aipatu eta saritzeko bildu ziren zarauztarrak. Modelo jendez lepo zegoela eman zioten hasiera ekitaldiari. Xabier Euzkitzek bete zituen aurkezpen lanak, eta Leire Arana Kirol zinegotziak ere hartu zuen hitza sari banaketaren aurretik.

"Azken finean zarauztarron izena eta izana zarete" esan zuen Aranak. Hasi baino lehen, era berean, zoriondu egin nahi izan zituen 2019. urteko aitortza jaso zuten guztiei. Zarautzek duen kiroltasunaren hariak jarraipena behar duela kontuan hartuta, "ez etsi eta lanean jarraitzeko" mezua helarazi zuen.

Zazpi sari banatu zituzten guztira, eta lehenengoa Usoa Ostolaza triatletarentzako izan zen; emakume kirolari onenaren saria egokitu zitzaion honi. Distira handiko lorpenak lortu zituen pasa den urtean: "Nire herrian sari hau jasotzeak ilusio handia egin dit, oso eskertuta nago", azaldu zuen Ostolazak. Urte berri honetan mugak gaindituz jarraitzeko intentzioa duela ere garbi du.

Mugak gainditzeaz zerbait badaki Jon Artolak ere. Kirol batzordeak hala erabakita, gizonezkoen kategorian bera izan da Zarauzko kirolaririk onena. "Azken finean, keinu bat da kirol egokituari eta horrek poza ematen dit", ziurtatu zuen. "Honek zailtasunak dituen eta zalantzetan dagoen norbaiti laguntzeko edo beldurra kentzeko balio badio, pozik egoteko arrazoia izango dut", jarraitu zuen.

Kirola taldean egiten dutenak ere ugariak dira Zarautzen. Horien artean, Lizardiko Boleibol taldeak emakumezko talde onenaren saria jaso zuen. Urte biribila izan dute eta denen izenean, Nora Eizagirrek hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien ibilbide horretan lagundu dieten pertsona orori eta sari hau inoiz ez dutela ahaztuko esan zuen.

Enbatako mutilak ere ez dute erraz ahantziko 2019. urtea. TKE mailara igoera lortu zuten eta beraz, beraiei egokitu zitzaien gizonezko talderik onenaren saria.

Hurrengo protagonistak hamabi urtetan zehar Zarauzko pilotariak entrenatzen ibilitakoak izan ziren: Juan Miguel Zubiri eta Maialen Cardenas. Pasio eta ilusio handiarekin ibili izan dira astero eta horretan jarraituko dute, "esku-pilota inklusiboa bultzatzen".

Babesleen figura ezinbestekoa da gaur egungo kirolean, gastuei aurre egiteko. Zorionez, Zarautzen enpresa askok euzten diote aldeko apustu horri. Horretan urteak daramatza Ulacia familia enpresak eta horregatik, pasa den urteko babesle sariak beraien izena darama.

2019. urteko sariak emateaz ezin amaitu urte askotan Hondartza Futbolean lanean aritu direnei aitortza egin gabe. Lantalde horrek jaso zuen Kirola Bizi saria.