zarautz - Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alexander Gurrutxaga eta iazko irabazleak, Idoia Garzesek osaturiko epaimahaiak erabakita, Lizardi Sariaren XXXVIII. edizioak ez du irabazlerik izango. Era berean, "gogoeta sakona" egin dutela azaldu dute saria eraberritzeko eta indartzeko asmoarekin.Guztira, 17 lan aurkeztu dira lehiaketara, aurreko urteetan baino dozena erdi gehiago, bataz beste. "Alabaina, oro har, ez da erdietsi gisa honetako sari batean espero litekeen literatur mailarik. Ez da edizio bati dagokion kontua, azken urteetan sumatu ahal izan dugun joera baizik; sarituriko lanak salbuespen, noski. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu hausnarketarako eta eztabaidarako tarte bat hartzea, inertziari aurre eginez, Lizardi sariak bultzatzen duen literatur generoa atera dadin irabazle, hots, euskarazko haur eta gazte literatura", azaldu dute epaimahaiko kideek.

Lizardi Sariak sortu zirenetik 38 urte igaro dira eta nabarmendu dute "txalotzekoa" dela udalak sariketa mantentzeko eta haur eta gazte literatura indartzeko egin duen lana. "Baina egia da, halaber, gure literatur sistemaren egoera asko aldatu dela azken lau hamarkadotan. Sariketa martxan jarri zenean euskal liburuak behar genituen, haurrentzako literatura, hezkun-tzarako materialak... Gaur behar hori asetua dugu gutxi-asko, eta beharra ez da (edo ez hainbeste) kantitateari dagokiona, baizik eta kalitateari edo egiteko moduari dagokiona".

zenbait proposamen Eraberritze horretarako, hainbat proposamen plazaratu dituzte. Alde batetik, beharrezkotzat jotzen dute haur literatura eta gazte literatura modalitateak bereiztea. "Azken urteetan adin tarte oso zabalari zuzenduriko lanak aurkeztu izan dira, eta HGLren espezifikotasun zenbait lausotuak geratu. Hau konpontzeko aukera bat bi modalitateak txandakatzea izan daiteke, urte batean haur literatura sariketa antolatuz, eta hurrengoan gazte edo gaztetxo literatura", diote. Liburuaren edizio eta formatuari dagokionean, berriz, "edizio dotore bat argitaratzeko" proposamena egin dute: "Modu horretan, Lizardi Sariak izan duen erreferentzialtasuna edizio-lan txukunak ere islatuko luke".

Beste alde batetik, eraberritzeaz hitz egiterakoan ezinbestekotzat jotzen dute aurkezten diren lanei buruz ere pentsatzea: "Umiltasunez bada ere, epaimahaiak azpimarratu nahi luke Lizardi Sariak literaturari egiten diola gorazarre. Horregatik, beharrezkoa da infantilismoa, didaktismo hutsa eta erabilgarritasuna baztertzea. Irudimenaren, baliabide estetikoen eta ludikotasunaren potentzial agortezina aldarrikatu behar dira. Ez dezagun ahaztu literatura hitzaren unibertsoa dela, eta hitzez sortzen duela unibertsoa".

Zarauzko Udalak, bere aldetik, eskerrak eman nahi dizkie edizio honetan parte hartu duten idazle guztiei. Izan ere, "literatur lan bat idazteak ilusio, denbora eta esperantza asko eskatzen du. Era berean, ez da erraza norberaren lana beste begiek balora dezaten aurkeztea". Alde honetatik, epaimahaiak azaldutako aholku eta oharrak aintzat hartzeko konpromisoa hartuko duela adierazi du udalak, haur eta gazteen irakurzaletasuna eta literaturarako zaletasuna suspertu eta mantentzeko helburuarekin.