zarautz - Imanol Urbieta zenaren kantu-bilduma sailkatzeko beka bat jarri du martxan Zarauzko Udalak. "Konpositore zarauztarraren obra osoa ezagutarazi eta jendearen eskura jartzea da helburu nagusia", adierazi zuen Irune Urbieta Kultura zinegotziak. Bekaren deialdia aho batez onartu zuten abenduaren 26ko udalbatzarrean. Izan ere, Urbietak landutako ondarea "garrantzitsua" izan dela azaldu zuten bertan eta "horregatik erabaki dutela urrats hau ematea".

Horretarako oinarriak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira datozen egunetan. Argitaratu eta ondorengo egunetik hasita, 30 eguneko epea egongo da proposamenak aurkezteko.

6.000 euroko beka bakarra emango da eta deialdi irekiaren bidez tramitatuko da, norgehiagoka araubidean: Pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen elkarteek lortu ahal izango dute beka hau (elkarteen kasuan, pertsona bakarra izango da onuradun, elkartearen izenean). Beharrezkoa izango da adinez nagusia izatea, eskaera aurkezten den egunean. Eskaerarekin batera, ondoren adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar da: eskaera-orri ofiziala, behar bezala beteta, pertsona edo erakunde eskatzailearen nortasun egiaztagiriaren fotokopia, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiriak, eskatzaileak onuradun izateko ezintasun egoerarik ez duela adierazten duen lekukotasuna, ziurtagiria edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailea kontu korronte baten titular dela ziurtatzen duen agiria, banketxe edo aurrezki-kutxa batek egindakoa, eskatzailearen curriculum vitae dokumentatua, eskatutako laguntzaren xede den proiektua azaltzeko txostena, proiektuaren gastuen eta sarreren aurrekontu zehatza.

Eskaerak eta horiekin batera doan dokumentazioa Zarauzko Udalaren Herritarren Arreta Zerbi-tzuan (Kale Nagusia 29-20800 Zarautz) aurkeztu beharko dira, GAOn argitaratu eta 30 eguneko epean, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 7.30etik 15.00etara, eta ostegunetan, 17.00etatik 19.00etara ere bai.

Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, Kultura Departamentuarekin jar daiteke harremanetan: Sanz Enea kultur etxean (Nafarroa 22-20800 Zarautz), 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta, kultura@zarautz.eus posta elektronikora idatzita edo kulturazarautz.eus webgunean.