- Zumarragako Udalak ikasgela bat ireki ohi du kultur etxean, azterketa garaiko asteburuetan, etxetik kanpo ikastea nahiago duten gazteentzat. Ikasturte amaierako azterketei begira, maiatzaren 7an irekiko da ikasgela.

Kultur etxeko gela hori ekainaren 12a arte egongo da zabalik. Larunbatetan 13.30etik 20.30era eta igandetan 9.30etik 20.30era. Astegunetan, ikasleek liburutegian ikasteko aukera dute.

Ikasgela erabili ahal izateko, eskaera orria bete behar da eta Zelai Arizti kultur etxeko harreran entregatu edo kulturetxea@zumarraga.eus helbide elektronikora bidali. Eskaera egiteko epea gaur itxiko da.

Zuzen betetako eskariak bakarrik onartuko dira. Eskaria onartu ondoren, posta elektronikoz berretsiko da plaza erabilgarri dagoela. Aretoa erabiltzeko txartel pertsonalizatua emango da, instalaziora ezarritako egutegian eta ordutegian sartu ahal izateko.

Txartela doakoa da, baina 5 euroko fidantza bat utzi behar da. Txartela itzultzean, Zumarragako Udalak dirua bueltatuko die erabiltzaileei.

Txartela Zelai Arizti kultur etxeko harreran jasoko da maiatzaren 5etik 7ra bitartean: ostegunean eta ostiralean 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatean 10.00etatik 13.30era.

Ikasgelara sartzeko aukera ematen duen txartela pertsonala da eta ezin zaio inori utzi. Txartela galduz gero, abisua lehenbailehen eman beharko da udaltzaingoan edo kultur etxean.

Zumarragako Udalak 2010ean ireki zuen ikasgela lehenengoz. Urtero 20 bat gaztek ematen dute izena. Lehen zaintzaile bat arduratzen zen atea irekitzeaz eta aurten, lehenengoz, txartela erabiliko dute ikasgelara sartzeko.