- Urretxuko Udalak bizilagun guztiak Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiean parte hartzera animatu ditu.

Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia elkartrukerako eta hausnarketarako gune irekia da. Tokiko administrazioak, bizilagunek, erakundeek eta elkarteek parte hartzen dute. Egitasmo honen helburua giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzea eta mantentzea da.

Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia 2012an sortu zen. Diskriminazioaren prebentzioan eta identifikazioan lan egiten du eta gizarte kohesioa eta bizikidetza sustatzeko proiektuak bultzatzen ditu.

Hamar urte hauetan martxan jarritako proiektuen artean aniztasunaren jaia (2013tik), Urretxun Bizi Gara harrera eskola (2014tik), irakurketa errazeko kluba (2018tik), zurrumurruen aurkako estrategia (2018tik), SukaldAnitzak (2019tik), cricket ikastaroa (2016tik), Escape Rooma (2021tik) eta Elkarbide Pasabideak (2021tik) daude.

Aurten zortzi bilera egingo dira. Guztiak ostegunetan izango dira, 18.00etan, Aizpuru-Enea kultur etxean. 2022ko bilerak gaur, martxoaren 3an, apirilaren 7an, maiatzaren 5ean, ekainaren 9an, irailaren 8an, urriaren 6an eta azaroaren 3an izango dira.

Bilerak, ahal dela, aurrez aurre egingo dira, une bakoitzean gomendatutako osasun neurriak kontuan hartuta (distantzia, maskara, aireztapena, eskuen garbiketa...). Formatu presentziala posible ez balitz, bilerak bideokonferentziaz egingo lirateke. Parte hartzeko, aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi behar da, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo edo 943 038 083 telefono zenbakira deitu.

Pandemia garaian ere, Urretxuko Udalak aniztasuna ikusarazten jarraitu nahi du eta aukera berdintasuna bultzatu. Lan hori erronka komunitarioa da eta gizarte inklusiboa sor-tzeko konpromisoa duten pertsona, erakunde eta elkarteen lan kolektiboa eskatzen du. Hori dela eta, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, hobe.

2021ean 18 lagunek hartu zuten parte: hainbat herritarrek, zinego-tziek eta Aspaceko, Jose Mari Iparragirre institutuko, lizeoko, Gautenako, Zumalakarregi museoko, Cuidarteko, Gazte Bideaneko, kale hezi-tzaileen taldeko, Alambique etxeko eta Agifeseko ordezkariek.

Orain arte Monica Leiva izan da egitasmo hau dinamizatu duena. Leivak Maite Aguadori pasa dio lekukoa.