- Zumarragak eta Urretxuk teatro egitaraua aurkeztu dute. Urteroko moduan, helduentzako eta haurrentzako ikuskizunak antolatu dituzte. Helduentzako bederatzi ikuskizun egongo dira eta haurrentzako, berriz, zazpi.

Haurrentzako programazioa hilaren 23an abiatuko da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kui Kui lanarekin. Otsailaren 13an Kotondarrak lana antzeztuko da, martxoaren 20an Tempus, apirilaren 10ean Ekain pailazoaren Alejop!, urriaren 16ean Uniko, azaroaren 16an Reziklate eta abenduaren 4an Tartalo.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bi saio egingo dituzte: 16.30ean eta 18.30ean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Gainontzeko ikuskizunak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira, 17.00etan.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Urretxuko Ederrena pilotalekuan egingo duten ikuskizunerako sarrerak 7 euro balio du eta gainontzeko ikuskizunetako sarrerek, berriz, 5 euro balio dute.

Zazpi ikuskizunetarako bonuak ere jarriko dira salgai: haurrarentzako eta laguntzailearentzako balio duen bonuak 30 euro balio du eta haurrarentzako bakarrik balio duen bonuak 20. Bonuak urtarrilaren 23ko 16.30eko saiorako balioko du.

Urtarrilaren 13tik 21era, bonuak Urretxuko Aizpurunea kultur etxean salduko dira. 15ean 11.00etatik 13.00etara eta gainontzeko egunetan 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara.

Urtarrilaren 22an eta 23an, berriz, bonuak Ederrena pilotalekuko leihatilan salduko dira. 22an 11.30etik 13.30era eta 23an 12.30etik 13.30era eta 15.30etik 17.30era. Otsailaren 13an eta martxoaren 20an Labeaga aretoan salduko dira.