- Goierri kirol elkartearen boleibol sailak bi talde ditu denboraldi honetan: senior mailakoa eta kadete mailakoa. Azken hau berria da.

Boleibol saila duela urte gutxi sortu zen eta pixkanaka hazten ari da. Geroz eta gehiago dira kirol hau egiten duten Urretxuko eta Zumarragako neskak.

Aurtengo denboraldia iazkoa baino lasaiagoa izatea espero dute. Ezin izan zuten behar bezala entrenatu eta liga martxan jartzea lortu zen arren, murrizketa berriak medio, ezin izan zuten bukatu.

Bi taldeentzat oso berezia izango da 2021-2022 denboraldia. Kadete mailako neskentzat lehenengoz lehiatuko direlako eta senior mailako neskentzat arerio berriak izango dituztelako. Horien artean, mutilez osatutako talderen bat. Bi taldeek Gipuzkoa mailan jokatuko dute. Seniorrak Euskal Ligara igotzeko jokatuko du.

Kadeteek duela bi aste hasi zuten denboraldia. Txingudi taldearen aurka jokatu zuten, Irunen. Irabazten joan ziren, baina partidaren amaieran behera egin zuten. Senior mailako taldeari dagokionez, larunbatean hasiko du denboraldia. Hernaniko taldearen aurka jokatuko du.