Bertako jatorria duten familiek kanpotik etorritakoekin bazkalduko dute Urretxuk Bizilagunak egitasmoari esker

29.10.2021 | 00:07
2019ko Bizilagunak egitasmoko bazkarietako bat. Argazkia: N.G.

Arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko, Urretxuko Udalak ekimen berezi bat antolatu du: bertako jatorria duten familiek kanpotik etorritakoekin bazkalduko dute. 

Proiektu hau SOS Arrazakeriak jarri zuen martxan eta Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak urtero bat egiten du berarekin. Iaz ez zen antolatu, pandemia dela eta. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak herritarrak parte hartzera animatu ditu.

Bizilagunak munduko hainbat lekutako pertsonak elkartzeko eta elkar eragiteko aukerak erraztera bideratutako ekimena da. Gure gizartearen kultura aniztasuna ospatzeko, harrera hobetzeko eta estereotipoak indargabetzeko modu bat da, hainbat kulturatako jatorrizko pertsonen artean loturak sortuz, herritarren pertzepzioak, jarrerak eta jokabideak aldatzeko helburuarekin. Aurtengo edizioa azaroaren 14an izango da, 14.00ak aldera.

Koronabirusa dela eta, aurten familiek bi modutan parte hartzeko aukera edukiko dute: beraien etxeetan elkartu daitezke (ohi bezala) edo aire zabalean bazkaldu dezakete.

Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Urola Garaiko bizilagunak Urretxuko Udalarekin jarri behar dira harremanetan, izena emateko edo informazio gehiago lortzeko.

Horretarako 943 038 083 telefono zenbakira deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Informazioa lortzeko beste modu bat ere badago: mugak.eus webgunean behar duten informazio guztia topatuko dute.

Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko arduradunek Bizilagunak egitasmoa zurrumurruen aurkako estrategia garatzeko eta xenofobia eta arrazakeria prebenitzeko "funtsezko tresna" dela aipatu dute.

noticias de noticiasdegipuzkoa