- Zumarragako kultur etxean Ondareari begirada argazki erakusketa ireki dute. Bertan, Euskal Herriko ondareari buruzko lehiaketara aurkeztutako 21 argazki ikus daitezke. Aukeratutako lanean artean, Gorka Gomez eta Txakel Urarte legazpiarren bi argazki daude. Erakusketa hilaren 30a arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera, 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara.

Ondare mota ezberdinak ikus daitezke: industria ondarea, inmateriala, berrerabilitakoa, naturala, kulturala, meatzaritza ondarea, itsas ondarea eta utzitakoa.

Argazkiak toki ezberdinetan aterata daude: Sevillan, Almerian, Huelvan, Senegalen, Alacanten, Berlinen, Asturiasen, Atxarten, Menorcan, Iruñean, Aian, Eibarren, Pasaian, Otzarretan, Bilbon, Iturenen, Sestaon...

Bi legazpiarrek ateratako argazkiei dagokienez, Urartek San Adrian igarobidean atera zuen eta Gomezek Ricardo Mediavilla errementari legazpiarrari egin zion.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa Ondarebiziak muntatu du. Ondarebizia ondareari buruz sentsibilizatzeko proiektu bat da. Baita elkarlana bultzatu nahi duten ondare zentroek bultzatutako lan plataforma bat ere. Ondarebizia Museum Cemento Rezolak eta K6 Kultur Kudeaketa enpresak bultzatu dute, Eusko Jaurlaritzaren lagun-tzarekin.