Urretxu: ekintza inklusiboak, Ondarearen Jardunaldien barne

Gaur, 15.00etan Iparragirre plazan, Pedro Berriotxoak Iparragirreri eta XIX. mendeari buruz hitz egingo du

05.10.2021 | 02:05
Urretxuko Iparragirre plaza. Argazkia: A.Z.

urretxu Urretxuko Udalak lau jarduera inklusibo antolatu ditu, Ondarearen Europako Jardunaldien barne. Izan ere, Ondarearen Europako Jardunaldien aurtengo edizioak irisgarritasunean jarri du arreta eta helburua ondarea herritar guztiei hurbiltzea da. Udalak bi bisita gidatu, Escape Room bat eta familian jolasteko arratsalde bat antolatu ditu.

Lehen jarduera gaur izango da. Parte-hartzaileak 15.00etan elkartuko dira, Iparragirre plazan. Alde zaharrean egingo den bisita gidatu batean parte hartuko dute. Pedro Berriotxoa urretxuarrak Iparragirreri eta XIX. mendeari buruz hitz egingo du. Bisita gurpildun aulkietako erabiltzaileentzat egokia izango da eta zeinu mintzairara itzuliko da, eskariaren arabera. Parte hartu nahi dutenek, kultur etxera jo behar dute edo 943 038 088 zenbakira deitu. Parte-hartzaile bakoitzak 3 euro ordaindu behar du.

Bigarren jarduera hilaren 15etik 17ra egingo dute, 10.00etatik 20.00etara, udaletxeko atarian. Nahi duten guztiek Scape Room joko batean parte hartzeko aukera izango dute. Talde bakoitzak ordu bete izango du ondarearekin zerikusia duten igarkizunak asma-tzeko. Parte hartzeko 943 030 888 zenbakira deitu behar da. Banaka, binaka, hirunaka edo launaka eman daiteke izena, baina seinaka jokatuko dute. Hala, taldeen aniztasuna bermatuko da (eta aniztasunari esker enigmak argitzea errazagoa izango da).

Hilaren 26rako bisita gidatu bat antolatu dute. Ondare industrialari eta trenari buruzkoa izango da. 15.00etan abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik. Buka-tzeko, hilaren 31n, 16.30ean Pagoeta plazan, belaunaldi ezberdinetako bizilagunek garai bateko jokoak egingo dituzte. Azken bi jarduera horietan parte hartzeko ere 943 038 088 zenbakira deitu behar da.

noticias de noticiasdegipuzkoa