Iker Igartua urretxuarrak Etiopiari buruzko liburu bat argitaratu du

Liburua herriko liburudendetan eta Don Buk argitaletxearen webgunean eskura daiteke

03.10.2021 | 00:07
Iker Igartua bidaiari urretxuarra, bere liburuarekin. Argazkia: A.Z.

urretxu – Iker Igartua bidaiari urretxuarrak Raíces en flor liburua argitaratu du. Liburu honetan duela hiru urte Etiopiara egindako bidaian jasotako hausnarketak bildu ditu.

Igartua irakaslea da lanbidez eta bidaiaria afizioz. Bidaietan bakarrik idazten du. "Bidaietan ikusten duzuna eta sentitzen duzuna oso borti-tza da". Oraingoan, liburu forma eman dio idatzitakoari. "Duela hiru urte joan ginen Etiopiara. Idatzitakoarekin gustura gelditu nintzen eta argitaletxe batzuetara bidali nuen".

Sevillako Don Buk argitaletxearekin argitaratu du liburua. "Autore hasiberriekin lan egiten duen argitaletxe xume bat da. Oso pozik nago beraiekin. Liburua herriko liburudendetan eta Don Buk argitaletxearen webgunean eskura daiteke", aipatu du urretxuarrak.

Igartuak eta bere bikoteak (Maite Arbonies) bost aste eman zituzten Etiopian. Liburuan, bertan bizitakoaren eta ikusitakoaren inguruko hausnarketak jaso ditu. "Sekulako talka izan zen. Horrelako bidaia batek hausnartzera eramaten zaitu: zure bizitza nolakoa den, zer egiten duzun han, toki haietan uzten duzun arrastoa ona edo txarra den...".

Afrika asko gustatzen zaie. "Mozambiken, Zimbauen, Zambian... egon gara. Abentura nahi baduzu, Afrikan abentura aurkituko duzu. Ziurgabetasuna beste kontinenteetan baino askoz ere handiagoa da".

Etiopia oso berezia dela dio. "Sekula kolonizatu ez duten herrialde bakarra da. Hori dela eta, oso harro daude beraien historiaz. Benetako afrikarrak direla diote. Etxeak eta janzkera ez dira horren europarrak".

Lehen egunerokoak bere buruarentzat idatzi zituen eta azkenak, berriz, besteek irakurtzeko. "Lehenengo idatziak bidaiak gogoratzeko idatzi nituen. Azkeneko hauetan, berriz, besteei bidaietan bizitakoa kontatzen diet. Hori dela eta, asko poztu nau liburua argitaratzeak".

Ez du aurreko egunerokoak argitaratzeko asmorik. "Azkenarekin gusturago gelditu naiz. Etorkizunekoekin ez dakit zer gertatuko den. Idatzitakoarekin gustura gelditzen banaiz, beharbada argitaratu egingo ditut".

noticias de noticiasdegipuzkoa