Urola futbol taldea | 50. urteurreneko denboraldiari hasiera

07.09.2021 | 00:40
Lore eskaintzan parte hartu zuten lagunak. Argazkia: A.Z.

Urretxu eta Zumarragako Urola futbol taldeak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu datozen hilabeteetan

Urretxu eta Zumarragako Urola futbol taldeak 50. urteurrena ospatuko du denboraldi honetan. Hori dela eta, denboraldi hasiera berezia izan da. Ohiko lore eskaintzaz eta futbol txapelketez gain, arropa berriaren aurkezpena eta haur mailako txapelketa egon dira.

Ekitaldiak larunbatean izan ziren. Goizean Urolaren kirol arropa berria aurkeztu zen, Luis Urdangarin futbol zelaian. Negua enpresa gipuzkoarrak egin duen ekipazioak, Urolaren eskudoaz gain, Ane Miren Ormazabalek 50. urteurrenerako egindako irudia darama.

Ekipazio berriak Urolaren maila ezberdinetako neskek eta mutilek aurkeztu zituzten. Jokalariek klubaren babesle guztiak ordezkatu zituzten: Plazaola Iturgintza, Talleres Loidi, ATA harategia, Ayma, Elur Aipatu, Eraiki Mecanizados, Premank eta Riza. Zuzendaritzako kideek ekitaldia babesleei eskerrak emateko baliatu zuten.

Ondoren, emakumezko lehen taldeak lagunarteko partida jokatu zuen Arizmendiren aurka. Arrasatearrak nagusitu ziren. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zen joan zen astean hil zen Josetxo Goenaga Urolako bazkidearen omenez. Goenaga Urolaren jarraitzaile finenetakoa zen. Osasuna lagun izan zuen bitartean, Urolako partida guztiak ikustera joan zen.

Lore eskaintza, Antion Eguerdian, Urolako bi talde nagusietako jokalariak eta entrenatzaileak Antioko baselizan elkartu ziren amabirjinari lore eskaintza egiteko. Eurekin batera, zuzendaritzako kideek, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Valentin Barrena eta Serafin Garziandia 50. urtemugako batzordeko kideek parte hartu zuten.

Arratsaldean, berriz, gizonezkoen torneoa jokatu zuen. Hor ere, lehen partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten Goenagaren omenez. Txapelketa Urola, Ilintxa eta Touring taldeek jokatu zuten. Errenteriarrak nagusitu ziren.

Igande goizean haur mailako txapelketa jokatu zen. Urolak, Realak, Osasunak eta Arnedok parte hartu zuten. Lehen partidan Reala Arnedori gailendu zitzaion eta bigarrenean Osasuna Urolari. Txuri-urdinen eta gorritxoen arteko finala estua izan zen: gol batera berdindu zuten eta, azkenean, penaltietan, Reala nagusitu zen.

Urolaren 50. urtemugako futbol txapelketak Luis Urdangarin zelaian jokatu ziren, Zumarragako Udala zelai nagusiko belar artifiziala alda-tzen ari baita. Udalak lanak hilaren 15erako bukatzea espero du.

Aspaldiko partez publikoak bertan egoteko aukera izan zuen (protokoloak jarraituz, %30eko edukierarekin). Igandean jende gehiago hurbildu zen, gaztetxoen senitartekoak joan baitziren. Larunbateko ekitaldiekin, Urolak 50. urteurrena ospa-tzeko antolatutako programari hasiera eman dio. Hurrengo ekitaldiak datorren urtean izango dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa