Zumarragako Eitzaga Berri eremuan 108 etxebizitza sortuko dira eta alokairurako zuzenduko dira. 72 babes publikokoak eta 32 gizarte laguntzakoak izango dira. Visesak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio saileko sozietate publikoak bultzatu dituzte lan hauek

36 etxebizitzako hiru bloke eraikiko dira. Horietako bat gizarte laguntzakoa izango da eta beste biak babes publikokoak izango dira. Gizarte laguntzakoak 25.000 eurotik beherako diru sarrera dutenei zuzenduak daude eta babes publikokoak 39.000 eurotik beherako diru sarrera dutenei. Alokairuzko etxe hauetako bat nahi dutenek Etxebiden eman behar dute izena.

108 etxebizitzetatik, 95 bi logelakoak izango dira. Horietako bost mugikortasun urria dutenentzat izango dira. Gainontzeko hamahiru etxebizitzak hiru logelakoak izango dira. Etxebizitza guztiek terraza eta garajea izango dituzte.

Gizarte laguntzako etxebizitzen blokean Zumarragako Udalak 716 metro koadroko lokal bat izango du. Lokal hori adinekoek eta auzo elkarteak erabiliko dute.

Promozio honek energia kalifikazio onena du. Izan ere, berogailua eta ur beroa elektrikoak izango dira eta hiru blokeen estalkietan panel fotoboltaikoak jarriko dituzte.

Obrak hamahiru milioi euroko aurrekontua du. Lanak datorren urteko martxoan hasiko dira eta 2025eko hasieran emango dizkiete etxebizi-tzetako giltzak errentariei.

Egitasmoa atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian, Pedro Jauregi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, Carlos Quindos Visesako zuzendariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.