Urretxu | Aurten ere Santa Barbaran bakarrik piztuko da San Joan sua

Herrigunean Lizarriturri txistulari taldeak eta Iparragirre Balerdi bandak kalejirak egingo dituzte

22.06.2021 | 01:01
Iaz Santa Barbaran piztu zuten sua. Argazkia: A.Z.

urretxu – Aurten ere Urretxuko San Joan festak ohi baino xumeagoak izango dira, koronabirusa dela eta, jendetzarik biltzea komeni ez delako. Udalak eta eragileek egitarau xume baina esangura-tsua adostu dute. Ekitaldi guztiak San Joan bezperan izango dira (gehienak Santa Barbaran) eta 24an ez da erromeriarik egingo.

San Joan bezperan Santa Barbarako ermitan meza egingo da. Auzotarrek loreak bedeinkatzeko aukera edukiko dute eta bertsolariek abestuko dute. Ondoren, kanpai hotsekin eta herriko txalapartariek lagunduta, Santa Barbara auzoko baserritarrek San Joan arbola ipiniko dute. Buka-tzeko, su txiki bat piztuko da eta Lurra taldeko dantzariek su berria agurtuko dute.

Bitartean, herrigunean, Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iparragirre Balerdi musika bandak kalejirak egingo dituzte. Gernikako Arbola plazan ez da surik piztuko, beraz.

Santa Barbarako ekitaldiak trafikoan eragina izango du. Bihar, 9.00etatik jarduera amaitu arte, ezingo da Santa Barbarako beheko aparkaleku txikia (asfaltatu gabekoa) erabili. Gainera, udaltzaingoak gogorazten du Santa Barbarako bidean ezin dela autorik aparkatu.

Ez da biharko antolatu den ekitaldi bakarra. 18.00etan, udari ongi etorria egingo diote Zuloaga baserri ondoko pagadian. Oihane Vicente dantzariak, Amaia Aranzabal biolin-joleak, Leire Jauregi yoga irakasleak eta Ane Miren Ormazabal sor-tzaileak gidatuko dute ekitaldia.

noticias de noticiasdegipuzkoa