Urretxu | Iparragirreren 200. urteurreneko kontzertua

Gorka Hermosak, Toti Martinez de Lezeak, Joseba Apaolazak eta Jon Maiak parte hartuko dute, besteak beste

08.06.2021 | 01:42

urretxu – Urretxuko Udalak kon-tzertu bikaina antolatu du Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko programaren barne. Hilaren 20an egingo da, 19.30ean, elizan.

Gorka Hermosak Urretxutik mundura obra aurkeztuko du. Obra hau Urretxuko Udalaren enkarguz konposatu du. Bertan, Iparragirreren melodia ezagunenen moldaketak eta bere obrak fusionatu ditu.

Hermosarekin batera, punta-puntako artistak arituko dira: Joseba Apaolaza aktorea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Jon Maia eta Maialen Akizu bertsolariak, Josu Maroto marrazkilaria, Marina Pardo mezzosopranoa, Blanchard Strings orkestra eta Easo abesbatza.

Ikuskizuna Apaolazaren Iparragirreri buruzko gogoeta umoretsuarekin hasiko da. Ondoren, Hermosak Urretxutik mundura aurkeztuko du. Hermosarekin batera Easo, Blanchard Strings eta Pardo arituko dira. Gainera, Maiak eta Akizuk bertsoak abestuko dituzte mugimenduen artean.

Ondoren, Hermosak Miñan obra joko du. Miñan Amets Arzallus bertsolariak eta Ibrahima Balde etorkinak idatzitako liburuaren izenburua da. Biek emanaldian parte hartuko dute.

Jarraian, Martinez de Lezeak Anjela Kerexeta Iparragirreren emazteari buruzko gogoeta bat egingo du eta Maiak eta Akizuk bertsoak abestuko dituzte, batak Iparragirreren rolean eta besteak Kerexetarenean. Buka-tzeko, Hermosak Iparragirreren Zibilak esan naute eta berak konposatutako Bihotz bakarra joko ditu.

200 lagunentzako tokia bakarrik dago eta gonbidapenak kultur etxean eskatu behar dira. Gonbidapen banaketa atzo hasi zen. Kontzertua grabatu egingo da eta UTBn emango dute.

noticias de noticiasdegipuzkoa