Urretxuko Udala krisi demografikoaren ondorioei aurre egiteko lan egiten ari da. Ondorio horietako batzuk geroz eta adineko gehiago daudela eta adineko horietako asko bakarrik bizi direla dira. Udalak bakarrik bizi diren adinekoei laguntzea erabaki du. Diagnostiko bat egin zuen eta orain neurriak hartzeko ordua heldu da. Asteazkenean Beti On telelaguntza zerbitzuari buruzko hitzaldia egingo da udaletxeko portaloian.

Ekitaldia 15.00etan hasiko da. Helburua adinekoei eta bakardade egoeran dauden gainontzeko bizilagun guztiei 24 orduko arreta espezializatua eskaintzea da.

Hitzaldi honen jatorria iaz egin zen diagnostikoa da: Udalak bakardadearen inguruko diagnostikoa egin zuen, herrian bizi diren zahartzaro eta bakardade egoerak ulertzeko eta lantzeko. Ikerketaren arabera, Urretxun 65 urtetik gorako 577 pertsona bakarrik bizi ziren. Populazioaren %8,5 dira. 65 urtetik gorako populazioaren %37.

Urretxuko Udala ekintza plana garatzen ari da atzemandako beharrei erantzuna emateko. Hala, asteazken honetan Beti On Euskadiko telelaguntza zerbitzu publikoko profesionalek 24 orduko arreta espezializatuaren berri emango dute.

Beti On telelaguntza zerbitzua pertsonan zentraturiko arreta ereduan oinarritzen da: teknikariek erabiltzaileen egoera baloratzen dute eta zerbitzuak erabiltzailearen beharretara egokitzen dituzte. Telelaguntza zerbitzu hau gizarte arloko profesionalek eskaintzen dute. Balorazio soziosanitarioa egin ondoren, erabiltzaileei eta beraien familiei orientazioa eskaintzen diete.

Erabiltzaileek etxean sakagailu bat dute, larrialdi egoeretan erabiltzeko eta telelaguntza zerbitzutik artatuak izateko.

Asteazkeneko hitzaldira nahi duten guztiak joan daitezke. Horretarako, Urretxuko Gizarte Zerbi-tzuetan eman behar da izena. Bertako telefono zenbakia 943 038 083 da.