Zein egoeratan gaude?

Covid-19 izurritea hasi zenetik asko izan dira sozioekonomiaren arloan erakunde ezberdinetatik ezarri diren neurriak, pizgarriak eta ekimenak. Baita, egoerari aurre egin ahal izateko, enpresa eta autonomoek egin behar izan dituzten berrikuntza eta inbertsioak ere. Urte bete geroago, Urola Garaiko langabezi datuari erraparatzen badiogu, izurritearen aurreko balioetara gerturatzen hasi garela esan genezake, nahiz eta sektore zehatz batzuk duela urte bete baino langabezi tasa nahiko altuagoak mantentzen dituzten (garraio sektoreak eta arte, aisialdi eta entretenimendu jarduerak, hain zuzen ere). Azpimarragarria da, ordea, 2021 urte hasiera honetan aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteek izan duten gorakada nabarmena, bai eskualdean eta baita lurralde mailan ere, merkataritza eta ostalaritza sektoreetan batez ere. Beraz, babes-neurri hau amaitzen denean ikusi ahal izango dugu krisialdiaren benetako eragina lan-merkatuan.

Zein ondorio utziko ditu pandemiak?

Covid-19 krisiaren ondorengo eszenatokia ez da berbera izango, digitalizazioarekin batera, lan merkatuak langile kualifikatuagoak eskatuko ditu eta orokorrean formakuntza lehen baino askoz ere baloratuagoa egongo da.

Zerbait ikasi al dugu?

Krisi honekin ondo ikasi eta ikusi dugun gauzetako bat alor ezberdinetako politiken eta programa ezberdinen artean dagoen interdependentzia izan da, batez ere osasunaren eta ekonomiaren arteko erlazioan. Baina baita ekonomia eta hezkuntza edota gizarte babeserako programekin ere. Erronka honi erantzun beharko dio Urola Garaiak, lurraldearekin lankidetzan eta modu koordinatu batean, epe luzeko begirada estrategiko amankomun batekin.

Nola dago lan merkatua?

Azken sei hilabeteetan, lan merkatuak dinamismo altuagoa erakutsi du. Izan ere, martxoan 1.194 langabetu zenbatu dira Urola Garaian, langabezi-tasa %9,9an kokatu delarik (Gipuzkoako batez bestekoarekin bat eginez). Langabetuen %54,7a emakumezkoak dira eta %45,3a gizonezkoak. Urte arteko saldoari dagokionez, duela 12 hilabete baino 24 langabetu gutxiago ditugu eskualdean, beherakada osoa emakumeengan eman delarik. Urola Garaiak badu ezaugarri berezi bat Gipuzkoarekiko eta honakoa da: 25 urte baino gutxiagokoen artean langabezia altuagoa da eta, aldiz, 45 urte baino gehiagokoen artean bajuagoa. Gainera, krisi honek gazteen langabezi egoera areagotu egin du, eta nahiz eta orokorrean langabezia %2 jaitsi den azken urtean, 25 urte baino gutxiago dituztenen artean %13,4a igo da (bereziki gizonezkoen artean). Honela, eskualdeko langabetu guztien %17,4ak ez du aurretik beste lanik izan. Portzentai hau Gizpuzkoak duenarekin alderatuz sei puntu altuagoa da eta beraz kezkagarria. Pertsona hauek laneratzeko dituzten zailtasunak asko dira, baina formakuntza maila bajuarekin zerikusia dutenak nagusi dira eta egoera horri erantzuteko ahalegin berezia egin behar du eskualdeak. Ezin ditugu ahaztu Urola Garaian enplegu erregulazioko egoeran dauden beste 637 lagunak, biztanleria aktiboaren %5,3a alegia. Beraz, nahiz eta datu orokorrak hobera egin duten, ezin genezake esan hurrengo hilabeetan tendentzia berbera aurreikusi daitekenik, espediente hauen eboluzioan egongo baita gakoetako bat.

Negozio asko itxi al dira?

2019 eta 2020 artean, 1.667 establezimendu izatetik 1.587 izatera pasa gara eskualdean, beherakada handiena merkataritzak eta ostalaritzak izan dutelarik, 29 establezimendu gutxiagorekin. Industriari dagokionez, lau establezimendu gutxiago daude. Afiliaturiko langileen atalean, duela urte beteko afiliatu kopuru berbera mantentzen du eskualdeak: 8.019 afiliatu, hain zuzen ere. Lan eskaintzari dagokionez, albiste ona da 2021eko lehen hiruhilabete honetan ematen ari den kontratu kopururen hazkundea. 1.061 kontratu egin dira, hain zuzen ere (2020eko lehen hiruhilabetean 1.125 izan ziren). Azpimarragarria da lehen hilabete hauetan industria sektoreak iaz baina kontratu gehiago egin dituela, %23ko hazkundearekin.

Zein izango da berraktibatzearen gakoa?

Erabat murgilduta gauden berraktibatze fase honetan, aditu eta administrazio ezberdinek eraldaketa digitalak izango duen garrantzia azpimarratu dute. 2021ean zehar digitalizazioari loturiko teknologien eskutik lan egiteko moduak bultzatuko dira eta eraldaketa honi aurre egiteko estrategiak sustatuko dira eskualdean. Digitalizazioa izango da enpresekin landuko den gai nagusia, baina horrekin lotura zuzena duten Lean estrategiak, zibersegurtasunaren inguruko planak edota serbitizaziorako eta negozio eredu berrietarako ibilbide planak ere landuko dira.

UGLE lanbide eskolak zeresan handia izango du, noski.

Industria sektoreari dagokionez, UGLEk eta Uggasak lankidetzan dihardugu UGLELab 4.0Plus ekimenaren bitartez. Helburua, enpresen ekoizpen prozesuetan aplika daitezkeen teknologiak transferitzea eta eskuragarri jartzea da. Ekimen horren bitartez, enpresek proposatzen dituzten proiektuak eta ideiak gauzatzen dira: trataera eman, aztertu, laborategian entsaiatu eta prozesuaren simulazioa egin. Laborategia industria sektore ezberdinei zerbitzua emateko jaio da eta momentu honetan metal-mekaniko, plastiko, forja eta tratamentu termiko alorretako enpresa txiki eta ertainetara zuzentzen ari da.

Lanbide eskolaz ari garela, langabetu gehienek formazio maila bajua dutela esan duzu.

Urola Garaian, lehen mailako ikasketak amaitu gabe dituzten pertsonen proportzioa Gipuzkoakoa baina altuagoada. Momentu honetan ditugun 1.194 langabetu horietatik, %64ak oinarrizko ikasketak soilik ditu eta %53ak 44 urte baino gutxiago ditu. Funtsezko erronka da langabetuen kualifikazio maila handitzea eta kolektibo zaurgarrienekin orientazio eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak sustatzea. 2019tik, lankidetzan dihardugu hainbat eragile, kolektibo horri zuzendutako programak koordinatzeko eta eraginkorragoak bihurtzeko. 2021era begira, zerbitzu guztiak integratuko dituen Gizlan tresna digitala garatzen ari gara. Langabetu kolektiboarentzako baliagarri izango den tresna bezala proposatzen da eta baita eskualdean diharduten gizarte laguntzaile zein lan orientatzaileentzako erreminta eraginkor gisa.

rola Garaiaren apustu nagusien artean, sektore soziosanitarioaren garapena eta eredu energetikoaren eraldaketa daude. "Azken urteetan, eskualdea biozientziak eta osasunaren alorreko prestakuntza eta garapen ekonomikoa sustatzen aritu da. Neuro-errehabilitazio robotiko, ortoprotesika sistemen eta laguntza produktuen nitxoan, hain zuzen ere. 2021era begira, UGLE eta UGGASAk lagunduta, nitxo horretan zerbitzu aurreratuak emango dituen enpresa sustatu nahi da Urola Garaian, bertako ekintzaileekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri estrategiarekin bat", azaldu du Salaberriak. Eredu energetikoen eraldaketari dagokionez, ezinbestekoa da. "Egungo testuinguruak energia kontsumoa optimizatzera eta energia iturri jasangarriak bultzatzea eskatzen du. 2021eko lehen seihilabetean, 2016tik indarrean dugun Urola Garaiko Energia Planaren eguneratzearekin batera, eskualde mailako ekintzak areagotu egingo dira. Hiru lan lerro lehenetsi dira 2021erako: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak eta auto kontsumorako bideak eta herritarren sentzibilizazioa eta prestakuntza".