- Herritarren energia kooperatiben proiektua aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Garaian. Herritarrek irabazi asmorik gabeko kooperatiba hauetan parte hartzeko aukera edukiko dute. Kooperatibek eguzki energia sortu eta kudeatuko dute, beraien hornidurarako. Egitasmo honi esker, herritarrek energia garbia kontsumituko dute eta dirua aurreztuko dute (%20-30). Kooperatiba hauei Ekiola izena eman diete.

Egitasmoa eskualdeetan aurkezten ari dira eta atzo Urola Garaiko aurkezpena izan zen, Legazpiko Agirre Etxeberri etxean. Egitasmoa Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak aurkeztu zuten.

Ekitaldian Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako kudeatzaileak eta Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak parte hartu zuten.

Ekiola kooperatibak irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira. Energiaren Euskal Erakundea eta Krean ingeniaritza enpresa izango dira instalatzaileak. Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Erabiltzaileek egun baino %20-30 gutxiago ordainduko dute argindarraren truke.

Asensiok eta Ansolak komunikabideekin hitz egin zuten bilerara sartu aurretik. Ansolak herritarrak parte hartzera animatu zituen. "Energia demokratizatzeko aukera bat da. Herritarrak dira protagonistak. Parke fotovoltaikoaren jabe izango dira eta bertan sortzen den energia beraien etxeetara bideratuko da. Herritarrek diru-laguntzak izango dituzte inbertsioa egiteko orduan eta, gainera, gutxiago ordainduko dute argindarraren truke".

Asensiok Gipuzkoak mendekotasun handia duela eta bere energia sortzeari ekin behar diola esan zuen. "Iraultza bat egin behar dugu eta horretarako herritarrak erdigunean jarri behar ditugu. Trantsizio hori egiteko denen arteko elkarlana beharrezkoa da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza eta Energiaren Euskal Erakundea ere egitasmo honetan parte hartzen ari dira".