- Abenduaren 23tik otsailaren 25era bitartean sei emanaldi egongo dira Zelai Arizti aretoan Eusko Jaurlaritzak antolatutako eta Zumarragako Udalako egitasmoarekin bat egindako Beste bat! zuzeneko arteen zirkuituan.

Abenduaren 23an Belako pop-rock talde bizkaitarrak joko du, abenduaren 26an Goikogela taldeak gospel kontzertua egingo du, abenduaren 28an Kantukolore taldeak haurrentzako ikuskizuna egingo du, urtarrilaren 7an Travellin’ Brothers taldeak jazz eta blues kontzertua eskainiko du, otsailaren 13an Xabi Solano eta Kimua dantza taldearen ikuskizuna egongo da eta otsailaren 25ean Nogen folk-pop taldeak joko du.

Kontzertu guztiak 19.00etan hasiko dira, haur ikuskizuna salbu. Azken hau 16.30ean hasiko da. Haurren ikuskizuneko sarrerek 5 euro balio dute eta gainontzekoek 10 euro. Sarrerak zelaiarizti.sacatuentrada.es Internet gunean eta Zelai Arizti aretoko leihatilan eskuratu ahal dira.

Eusko Jaurlaritzak kultura eta sormena bultzatzeko antolatu du zirkuitu hau. Zumarragako kon-tzertuak aste honetan aurkeztu dituzte. Mikel Serrano alkateak Zumarragak kulturaren aldeko apustua egin duela esan du. “Kultura kontsumitzea nahi dugu eta horretarako punta-puntako taldeak ekarriko ditugu. Aurrekontua 40.000 eurokoa da. Jaurlaritzak 30.000 jarriko ditu eta udalak 10.000”. Zumarragari sei kontzertu zegozkion gehienez eta seiak hartu ditu.