- 2020a haurrentzat ere urte zaila izaten ari da: udaberrian hilabete eta erdi eman zuten etxetik ia atera gabe, parkeak itxita egon ziren, musukoa eraman beharra dute, ekitaldi asko bertan behera gelditu dira... Legazpiko haurren ekitaldi kuttunetako bat Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriaren aurkezpena izaten da. Izan ere, pailazoek Legazpin aurkezten dute urtero beraien ikuskizun berria. Haur bat baino gehiago hori ere bertan behera geldituko ote zen beldur izango zen, baina pailazoek ez diete kale egin. Zailtasunak zailtasun, Udalaren eta ikastetxeen lagun-tzarekin, atzo Legazpin egotea lortu zuten. Amaren intxaurrak ikuskizun berria aurkeztu zuten, Latxartegi aretoan. Pailazoak eta haurrak bananduko dituen koronabirusik ez da jaio oraindik!

Amaren intxaurrak ikuskizunean heriotzaren gaia landu dute. Marimotots burumakur dago, bere ama Loreto oso gaixo dagoelako. Amak, hil aurretik, ez duela bakarrik utziko aginduko dio. Ama hil ondoren, bere bi lagunek kontsolatuko dute. Beraiek dira orain bere familia eta elkarrekin Loretorekin bizitako une politak gogoratuko dituzte. Elkarrekin negar eta barre egingo dute. Loretoren errautsak bota dituzten tokian intxaurrondo bat landatuko dute. Pixkanaka, Marimototsek jolasteko gogoa berreskuratuko du.

Handik hiru urtera, intxaurrondoak fruituak emango ditu: amak bere hitza bete du eta Marimototsekin dago.

Koronabirusa dela eta, estreinaldiaz aurreko urteetan baino haur gutxiagok gozatu zuten. Dena den, pailazoek ikuskizuna herri ezberdinetara eramango dute eta liburua eta diskoa salgai daude dagoeneko. Gainera, Youtuben bideo polit bat ikus daiteke jada.