- Koronabirusak ez du ZZ Rock jaialdia bertan behera uztea lortu, baina bai baldintzatzea. Hala, aurten sarrerak aurretik saltzen ari dira. Eguerdiko kontzertukoak 5 euro balio du eta arratsaldekoak 10. Bi sarrera mota daude: hiru eserleku elkarrekin edo lau eserleku eta mahaia.

Larunbatean ZZ Rock jaialdia egingo dute Zumarragako trintxeran. 13.00etan Madrilgo Gizzard taldeak joko du, 17.00etan Gasteizko Victimas Club taldeak, 18.30ean Urola Kostako Ezpalak taldeak (Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuitukoa) eta 20.00etan Bartzelonako The Unfinished Sympathy taldeak.

Gizzard taldeak rock psikodelikoa egiten du, Victimas Club taldeak rock and rolla, Ezpalak taldeak punk-rocka eta The Unfinished Sympathy taldeak indie rock musika.

Sarrerak entradium.com webgunean jarri dituzte salgai. Segurtasun neurriak direla eta, sarrerak erosterakoan izen-abizenak eta telefono zenbakia eman behar dira.

Gainera, karpako sarreran NAN agiria erakutsi beharko da (emandako izen-abizenak kontrastatzeko), sarreran eta irteeran hidrogela egongo da eta derrigorrezkoa izango da eskuak horrekin garbitzea, karpa barruan derrigorrezkoa izango da denbora guztian musukoa erabiltzea (edateko unean izan ezik), denbora guztian eserita egon beharko da, erretzea debekatuta egongo da, zerbitzariak egongo dira edariak mahaietara eramateko eta emanaldi bakoitzaren amaieran eserita itxaron beharko da, antola-tzaileek jaiki daitekeela esan arte.

Kontzertuak streaming bidez emango dira eta karpakoa bertan behera geldituko balitz (agerraldiren bategatik), musikariek Labeagan joko dute eta streaming bidez emango dute.