- Langabezian dauden profesionalei laneratzen laguntzeko Hazilan programaren seigarren edizioa apirilean hasi behar zen eta uztailean amaitu, baina alarma egoera zela eta, atzeratu egin zen. Azkenean, urriaren 19an hasiko da eta urtarrilean amaitu. Koronabirusa heldu aurretik ekimen hau beharrezkoa bazen, orain, zoritxarrez, are eta premiazkoagoa da.

Hazilan programaren seigarren edizio honek konpetentzia digitalak izango ditu ardatz. Parte-har-tzaileek gai horren inguruko formazioa jasoko dute eta ondoren bakoitzaren profilari egokitutako praktikak egingo dituzte eskualdeko enpresa ezberdinetan. Aurrez, balio anitzeko gaitasunak lantzeko eta merkatuan txertatzeko baliabideak lortzeko formazio fase bat ere egongo da.

Formazio saioek 200 ordu baino gehiago iraungo dute eta oraindik zehaztu gabe dago non egingo dituzte. Uggasa garapen agentziako Enplegu eta Orientazio saileko teknikariak segurtasun baldintzak betetzen dituen leku bat bilatzen ari dira.

Egitasmoa, profil ezberdinetako goi mailako ikasketak dituzten profesional langabetuei dago zuzendua, konpetentzia digitalak aberastu ditzaten. Gai honetan trebatzeak lana aurkitzen lagunduko die. Izan ere, konpetentzia digitalek lanpostua bilatzen, mantentzen edo sor-tzen laguntzen dute. Lehiakortasuna indartzeko ere lagungarriak dira.

Trebetasun digitaletan trebatuz gero, edozein titulazio izanda ere, hobetzea, garatzea eta ahalduntzea lortzen da. Izan ere, baliabide teknologikoak ondo erabiltzeko eta norberaren ahalmenei zukua ateratzeko balio dute.

Aholkularitza enpresa espezializatu baten eskutik jasoko duten prestakuntzari esker, gainera, beraien marka profesionala sortuko dute eta sarean ezagutzera emango dute. Horrez gain, praktiken fasean kontaktuak egiteko eta lan merkatuan txertatzeko aukera izango dute.

Parte hartzeko hautaketa prozesua, izen emate ordenaren araberakoa izango da. Parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Izena Uggasan eman behar da. Hiru aukera daude horretarako: bulegora bertaratu, 943 250 098 telefono zenbakira deitu edo lanpoltsa@uggasa.eus helbidera idatzi.

Aholkularitza enpresa baten eskutik, beraien marka profesionala

sortu eta ezagutzera emango dute