- Abuztuaren 8an Iparragirre 2020 programa berriro martxan jarri zen. Egun hartan Musika Hamabostaldiak Urretxu bisitatu zuen. Abuztuaren 12an, berriz, jaiotzaren 200. urteurrena ospatu zen. Iparragirreren estatuari aurreskua dantzatu zitzaion eta loreak eskaini zitzaizkion eta Gorka Hermosa akordeoilariak Urretxutik mundura obra herriari eman zion.

Hurrengo ekitaldia ostiral honetan izango da: 20.00etan, Labeaga aretoan, Bilboko Loraldia kultur elkartearen Iparragirre: bihotzeko Jose Mari lana antzeztuko dute.

Obra honek Iparragirreren bizi-tzan nabarmendu ziren emakumeak bildu ditu: ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alaba... Emakume hauek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta XIX. mendea nolakoa izan zen azalduko dute (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna...).

Horretarako, Iparragirreri bidalitako eskutitzak irakurriko dituzte. Fikziozko eskutitz hauen bitartez, ikusleek Urretxuko bardoaren izaeraren eta bizitzaren berri izango dute. Gainera, aktoreek Iparragirreren kantak abestuko dituzte.

Hiru emakume arituko dira aktore eta kantari lanetan: Joli Paskualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Anjel Unzu gitarra-jotzailea eseriko da. Denek Tanttaka konpainiako Fernando Bernuesen zuzendaritzapean lan egingo dute. Eskutitzak, berriz, Aizpea Goenagak, Arantxa Iturbek eta Iñigo Legorburuk idatzi dituzte.

Sarrerak Urretxuko Aizpurunea kultur etxean eskura daitezke, 5 euroan. Gaur eta bihar, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Ostiralean ere salgai jarriko dira: Labeaga aretoan bertan, 19.00etatik 20.00etara.

Hurrengo ekitaldiak urrian izango dira. 4an, Ondarearen Europako Jardunaldian barruan, alde zaharreko igande gastro-kulturalei hasiera emango zaie. Igandero XIX. mendera itzultzeko aukera egongo da, Goiko Kale eta Iparragirre kaleetan.

Urriaren 25a, berriz, egun biribila izango da Urretxun. Igande gastro-kulturalaz gain, Iparragirreren Ibilbidea bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da. Eta eguna amai-tzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Morgan ekoiztetxeak Iparragirre ikuskizuna estreinatuko dute Labeaga aretoan.