- Argazkia elkarteak Nire kamararekin etxean gelditzen naiz lehiaketa antolatu du konfinamendurako. 30 helduk eta 20 haurrek parte hartu dute. Bilduma onenari saria Jose Luis Ruiz urretxuarrak irabazi du, bigarren saria Octavio Cirez zumarragarrak eta hirugarrena Javier Alonso zumarragarrak.

Gaztetxoei dagokienez, lehen saria Raul Ruizek irabazi du, bigarrena Iker Ruizek eta hirugarrena Nahia Herasek. Hiruak urretxuarrak dira. Raul eta Iker helduen mailako lehen saria irabazi duen Jose Luis Ruizen semeak dira. Antolatzaileek udalei eta parte hartzaileei eskerrak eman dizkiete.

Lehiaketaren helburua Urretxu eta Zumarragako merkatariei laguntzea eta argazki zaletasuna sustatzea izan da. Parte-hartzaileek etxetik edo etxean ateratako argazkiak aurkeztu dituzte eta sarituek txekeak jaso dituzte, bi herrietako dendetan gastatzeko.

Jose Luis Ruiz irabazleak 47 urte ditu eta betidanik da argazki zalea. "Toki guztietara kamerarekin joaten nintzen eta familian eta kuadrillan ni nintzen argazkiak ateratzeaz ardura-tzen zena. Lanean hasi nintzenean reflex kamera erosi nuen eta ondoren reflex kamera digitala. Azken hau erosi nuenetik, argazki gehiago ateratzen ditut. Izan ere, kamera digitalak argazkia berehala ikusteko aukera ematen du. Hala, balio ez badu, beste bat atera dezakezu".

Egun, argazkigintza du lanbide. Erreportajeak egiten ditu. Lehiaketei dagokienez, Urretxu eta Zumarragan antolatzen direnetan eta Igartubeitiko Sagardo Astekoan parte hartzen du. Hainbat sari lortu ditu.

Konfinamenduko lehiaketara hiru argazki aurkeztu ditu: haur bat bere balkoian aspertuta (ondoan baloia eta patinetea dituela), pertsona bat balkoian irakurtzen (konfinamenduaren amaieraren zain) eta mapamundia eta bi lore (udaberriaz gozatzeko itxaropena).