- Beste hainbat ekitaldirekin gertatzen ari den moduan, Legazpiko Alarde Batzordeak aurtengo San Juan bezperako armen alardea bertan behera uztea erabaki du, baldintza egokietan prestatzeko eta egiteko dauden zailtasunengatik.

Aro berriko alardean bigarren etena izango da, honenbestez. Dena dela, datorren urtean, ondo bidean, egingo dute. Legazpiko armen alardea 1994an berreskuratu zuten, herrian ospatu zen Kilometroak festaren harira. Iaz, 25. urteurrenean, 110 lagun inguruk parte hartu zuten.

Legazpiarrek hainbat ekitaldi suspenditu behar izan dituzte, baina ez dituzte umorea eta herriaren alde lan egiteko gogoa galdu. Atzo bertan, legazpinsortzecovidea.eus webgunean danborradako Uztano konpainiaren ikus-entzunezkoa, Txubi magoaren saioa, Txakel Urarteren ikus-entzunezkoa, hainbat herritarren musika emanaldiak eta Mirandaola 1580-1980 dokumentala jaso zituzten.