- Koronabirusak eragindako itxialdia dela eta, kiroldegiak, jatetxeak eta bulegoak itxi egin dira. Egunotan, balkoiak dira kiroldegi, jangela eta bulego. Baita erakusketa areto ere. Mara Aranburu haur zumarragarrak bere balkoiko horma marrazkiz bete du, janari-denda, botika, kiosko edo estankora bidean Soraluze kaletik pasatzen direnen gozamenerako.

Marak bi urte ditu. Hiru beteko ditu azaroan. Ekain anaiarekin, Amaia Rodriguez amarekin eta Mikel aitarekin bizi da. "Adituen aholkuak jarraituz, errutina bat ezartzea erabaki genuen. 9.30ean jaikitzen gara eta, gosaldu ondoren, jolastu eta kirola egiten dugu. 12.30ak aldera bazkaldu egiten dugu eta, siestaren ondoren, marrazkiak egiten ditugu. 20.00etan osasun arloko langileei txalo egiten diegu eta, ondoren, afaldu", azaldu du Mararen aitak.

Horretaz guztiaz gain, egunero Marak egindako marrazki bat jar-tzen dute balkoiko paretan. "20.00etan jartzen dugu, osasun arloko langileei omenaldi txiki bat da. Jendeak balkoia oso polita dagoela esan digu".

Aipatu bezala, Mara Zumarragako Soraluze kalean bizi da. Herri guztietako kale eta auzo guztietan ekimen asko antolatu dira giroa alai-tzeko, baina Zumarragako Soraluze kalekoa azpimarragarria da. Soraluze kaleko 10ean bizi den Iñaki Aldalur gazteak disko festa egiten du arratsaldero. Larunbatean Zea Mays taldearen Negua joan da ta abestia jarri zuen eta bizilagunak linternekin atera ziren leihoetara.

Gainera, Soraluze kaleko bizilagunek Zorionak zuri abesten diete urteak betetzen dituztenei. Larunbatean Celia Aikuari eta Jon Plazaolari abestu zieten eta igandean Amaia Arratibeli.