- Koronabirusa dela eta, Urretxu eta Zumarragako udalek Gazte Bidean lokala itxi behar izan dute, baina nerabeentzako aisialdi hezitzaile zerbitzua ez da eten. Konfinamenduak dirauen bitartean Internet erabiliko dute nerabeekin harremanetan jartzeko eta hainbat jarduera dinamizatzeko.

Lokala asteazkenetik igandera irekitzen da eta egunotan ere egutegi hori errespetatuko dute: zerbitzua aipatutako egunetan eskainiko dute, 16.30etik 20.30era. Lau ordu horietan aisialdirako eskaintza eskainiko dute eta helduen kontsultei erantzuna emango diete.

Erabiliko diren hedabideak posta elektronikoa, Hangouts, WhatsApp, Facebook, Instagram eta udal webguneak izango dira.

Gazte Bidean zerbitzua 12-17 urte bitarteko gazteentzat da, baina konfinamendu egoerak irauten duen bitartean 7-12 urteko haurrentzat ere izango da.

Gazte Bidean zerbitzuko arduradunek dei berezia egiten diete ideiak eta proposamenak emateko prest dauden guztiei, bereziki gazteei.

Nerabeentzako aisialdi hezitzaile zerbitzuarekin harremanetan jarri nahi dutenek telefonoa (609 702 708), posta elektronikoa (gaztebidean@gmail.com), Facebook (Gazte Bidean) eta Instagram (gaztebideanuz) erabili ditzakete.

Gazte Bidean zerbitzua duela hamar urte jarri zen martxan. Karrika enpresak kudeatzen du eta horretarako Urretxuko Iparragirre plazan lokal bat du.