orioneko koronabirusa kalte handia egiten ari da, baina gauza on batzuk ere ekarri ditu: gurasoak haurrekin denbora gehiago pasatzen ari dira, adinekoengatik inoiz baino kezka handiagoa azaltzen ari gara, bizilagunen artean adeitasun handiagoa nabari da, balkoiak oso erabilgarriak direla konturatu gara, sormena eta irudimena lantzen ari gara... Koronabirusa dela eta, Leire Mujika zumarragarrak bere bizitzako urtebetetze egun bereziena bizi izan zuen larunbatean.

Ez zuen senitartekoekin eta lagunekin egoterik izan, baina bere ilobek kartel handi bat egin zuten bera zoriontzeko. Nork esango zion berari egun batean hala zorionduko zutenik? Konfinamendua dela eta, ez du sekula ahaztuko 2020ko urtebetetze eguna.

Maren eta Eki Mujika-Martinezek 6 eta 3 urte dituzte. Urretxuko Areizaga kaleko 8an bizi dira. Beraien amak, Rebeka Mujikak, haurreskola batean lan egiten du. Egunotan etxetik ari da lan egiten. Aitak, Aitor Martinezek, Beasaingo CAF enpresan lan egiten du. Bera ere etxetik ari da egiten lanik handiena.

Rebekak haurrak "nahiko ondo" daudela dio. "Beldurra genuen, baina guk baino hobeto daramate konfinamendua. Hori bai, egunero zeregin berriak asmatu beharra dugu".

Ordutegia errespetatzen saiatzen dira. "Goizetan telebista ekiditen saiatzen gara. Marenek etxeko lanak egiten ditu eta Ekik bitartean margotu egiten du edo puzzleak egiten ditu. Ipuinak, mahai jolasak, plastilina... ere asko erabiltzen ditugu. Eskulanak ere egin ditugu. Guk umetan egiten genuen moduan, botila bat margotutako harearekin bete dugu".

Eta balkoia duten gainontzeko familiek bezala, ordu asko ematen dituzte bertan. "Gure etxeko balkoia txikia da, baina jolasteko eta bazkaltzeko nahikoa. Inoiz ez dugu horrenbeste erabili. Balkoiari esker, gure parean bizi diren bizilagun guztiak ezagutzen ari gara", aipatu du Rebekak.

Eta balkoiari esker ere, izeba Leire modu ikusgarrian zoriondu ahal izan dute. "Erosketak egitera irteten zenean gure etxe azpitik pasa-tzeko esan genion, zoriondu ahal izateko. Ez genion esan kartela egin genionik eta poz handia hartu zuen. Eskerrak eman zizkigun. Aurten ezin izan diogu oparirik erosi, baina pasta batzuk eta marrazki batzuk bidali genizkion atarira".

Izeba Leire oso pozik dago, noski. "BMra joan beharrean Eroskira joateko esan zidaten, beraien etxe aurretik pasatzeko, eta ilusio handia egin zidan".

Leire bere alabarekin bizi da. Anettek 19 hilabete ditu. "Umeak nik baino hobeto darama etxean egon beharra. Ikasturte honetan Zeanuriko haurreskolan lan egiten ari naiz eta ama egun osoan berarentzat edukitzea gauza handia da alabarentzat. Eta bera ondo badago, ni ere bai. Egia esan, elkarrekin ematen ari garen egun hauek txute bat dira guretzat".