zumarraga - 2020an ere arte eszeniko programa aberatsa izango dute Urretxuk eta Zumarragak, bi herrietako udalen eskutik. Hamar emanaldi egongo dira. Guztiak Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango dira, 22.30ean. Ikuskizun guztiez gozatzeko aukera ematen duten bonoak datorren astean jarriko dira salgai.

Bono orokorrak 70 euro balio du eta euskarazko saioetarako bonoak 35 euro. 2019ko bonoa mantendu nahi dutenek asteartean Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute (goizez edo arratsaldez). Bonoa aldatu nahi dutenek ostegunean jo behar dute kultur etxera (goizez edo arratsaldez). Lehenengoz bonoa erosi nahi dutenak larunbatean joan behar dira kultur etxera (goizez bakarrik).

Lehenengo antzerki saioa otsailaren 7an izango da: Atx konpainiak Zazpiak bat, gaiztoetan gaiztoenak lana antzeztuko du. Martxoaren 6an, berriz, Riki Lopezek Ya tengo una edad ikuskizuna egingo du.

Apirilaren 3an kontzertu bat egongo da: Juan Mari Beltranek, Errege Beldak, Ixiar Jauregik eta Andoni Salamero olerkari zumarragarrak Hots larretan ikuskizuna egingo dute. Maiatzaren 8an Albacity Corporation konpainiak Lazarillo de Tormes lana eskainiko du.

Ekainean, bi Ekainean bi antzerki emanaldi egongo dira. 5ean Vaiven taldeak Argiaren hautsa lana antzeztuko du. Ekainaren 26an Baserri danza dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Uztailean eta abuztuan, urtero bezala, ez da antzerki saiorik egongo. Irailaren 4an Tenemos Gato konpainiak Felicidad lana antzeztuko du.

Urriaren 2an Txalo konpainiak Galtzaileak lana eskainiko du. Azaroaren 6an Elisa y Marcela antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da. Bukatzeko, abenduaren 4an Tartean antzerki taldeak Simplicissimus Kabaret lana antzeztuko du. - A.Z.