- Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko ordezkariek “azpeitiarrei etxebizitzen inguruko informazioa, aholkularitza, eta arreta pertsonalizatua eskaintzeko” Enparan kaleko 34. zenbakian egokitutako bulegoa aurkeztu zuten ostiralean. Zerbitzu berri hori Azpeitia Berritzenek kudeatuko du, Udalarekin eta Etxebizitza Sailarekin elkarlanean.

Nagore Alkorta alkateak azaldutakoari eutsiz, “bulego honen bitartez, azpeitiarrek etxebizitzaren inguruan izan ditzaketen galderak erantzuten saiatuko gara. Indarrean dauden zerbitzu, laguntza edota baliabideen inguruko informazio eguneratua jaso ahalko dute bertan herritarrek”.

Alkortaren hitzetan, bulegoa Etxebizitza Planaren garapenerako “tresna” ere izango da: “Planean jasotako lan-ildoetan urratsak emango ditugu datozen hilabeteetan: hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairura bideratzeko ahalegina biderkatuko dugu, babes publikoko etxebizitza berriak sustatuko ditugu eta egungo etxebizitza parkea birgaitzen lagunduko dugu, irisgarritasuna bermatu eta energia efizientzia hobetuz”.

Pablo Garcia, Etxebizitza saileko zuzendariak, elkarlana azpimarratu zuen: “Bulego honen irekierak ilusioz betetzen gaitu. Etxebizitza arloan hamaika lan egiten ditugu baina emaitzak epe luzera ikusten dira askotan. Horregatik, eskertzekoa da etxebizitzaren arloan batzera datorren proiektu batekin elkarlanean aritzea”. Garciak jakinarazi zuenez, “gaur egun 613 pertsona daude Etxebiden Azpeitirako izena emanda eta horietako 482 herrian erroldatuta daude”.