- Ametsen etorrera ipuina sortu berri dute Azpeitian, baloreen lanketarako tresna izateko asmoz. Izan ere, Azpeitiko Udalak, herriko ikastetxeek, hezkuntza ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek, urteak daramatzate gai ezberdinak landuz eta egitasmoak martxan jarriz Azpeitia Herri Hezitzailea eraikitzeko elkarlanean.

Udaletik jakinarazi dutenez, Felipe Murillok idatzi duen eta Olatz Alkorta ilustratzaileak egindako irudiekin osatu den ipuina "Azpeitian erroldatzen diren haur jaioberriei balore hezitzaileen bidez Azpeitia ezagutarazteko" erabiliko da.

Edonola ere, Ametsen etorrera lana herriko umeen aurrean aurkezteko ipuin kontaketa izango da datorren ostiralean (17.30ean) Udal Liburutegian. Saioa Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 3. mailara arteko neska-mutilei zuzenduta izango da eta bertaratzen diren haur guztiek ipuinaren ale bana eskuratuko dute opari gisa.

Gainera, ipuin kontaketa amaitzerakoan, partehartzaile guztientzako txokolatada egongo da.

Behin Ametsen etorrera ipuina aurkeztu ondoren, Udalak herrian jaiotzen diren haur guztien familiei ale bana oparituko die, "umea erroldatzera etortzekoan".

Bestelako herritarrek ere argitalpena eskuratzeko aukera izango dute (bost euroren truke) Gazte Informazio Bulegoan.