Azpeitia: Kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzeko topaketak bueltan dira

Hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren egoera ezagutzeko jardunaldia izango da azaroaren 20an Azpeitian

19.10.2021 | 00:38
Jardunaldiaren sustatzaileak atzo egindako aukezpenean. Argazkia: N.G.

Azpeitia – 2019ko urrian hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest zeuden eragileak identifikatzeko Azpeitian egin zen aurreneko jardunaldiak arrakasta handia izan zuen. Ehun lagunetik gora bildu ziren eta gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-taldea sortu zen bertan.

Hori ikusita, Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldia antolatu dute bigarren aldiz elkarlanean, beti ere, "egungo kultur bitartekaritza hizpide hartuta, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratu eta sendotzeko helburuarekin".

Ekimenaren topaketak Senperen (hilaren 23an), Laudion (azaroaren 6an), Lesakan (azaroaren 13an) eta Azpeitian (azaroaren 20an) egingo dituzte eta iaz ez bezala, aurtengo jardunaldietan "hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren (ezagutza eta praktika) egungo egoera ezagutu" nahi dute, "esperientzia praktikoetatik abiatuta".

Saio horietan parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena www.ueu.eus web gunean.

Jardunaldien sustatzaileek atzo Azpeitian egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, "egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu nahi dugu". Era berean, jardunaldiotatik "Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu" nahi dute erakunde antolatzaileek. Talde horrek "euskal kulturgin-tzaren transmisioa eskolaz kanpo nola bermatu dezakegun aztertu eta proposatuko du". Kulturgintza ekosistema osatzen duten sortzaileak, antolatzaileak, hezitzaileak eta zaleak gonbidatuta daude jardunaldi hauetan parte hartzera.

noticias de noticiasdegipuzkoa