- Udako oporraldiaren ostean, berriro abian dira Azpeitiko Udalaren Gazteria sailak kudeatzen dituen zerbitzuak. Udaletik jakinarazi dutenez, "gaztelekuko eta ludoteketako hezitzaileak ikastetxeetan egon dira azken egunotan gelaz gela zerbi-tzuak haurrei eta nerabeei aurkezten". Horretaz gain, ludoteketan haurren bisitak jasotzen ari dira zerbitzua bertatik bertara ezagutu dezaten.

Edonola ere, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek datorren astelehenean irekiko dituzte ateak eta gaztelekuak, berriz, hurrengo egunean.

Hori dela eta, ludoteketan edo gaztelekuan aritzeko interesa duten haur eta gaztetxoek aste honetan eman beharko dute izena. Ludoteken kasuan izena gaurtik datorren ostiralera bitartean eman ahalko da, 16.00etatik 19.00etara bitartean (ostegunean 10.00etatik 12.00etara bitartean ere).

Gaztelekuan aritzeko izena, berriz, asteazkenetik ostiralera arte eman beharko da (15.00etatik 19.00etara).

Ludoteketan ordaindu beharreko kuota 12 eurokoa da eta gaztelekua erabiltzeko ez da kuotarik ordaindu beharko. Hori bai, "bertako erabiltzaile izatea nahi duten DBH1 eta 2ko nerabeen gurasoek nahitaez bertaratu behar dute izena ematera".