- Azpeitiko Udalak herriko beste lau eremutako ibai ertzetan burdinezko sarexkak jarriko ditu, Urola ibaia hondakinetatik babesteko helburuarekin. Oraingoan, guztira, 1.400 metro sarexka jarriko dira, baranda duten ibai ertzetan. Obra horren inbertsioa 28.496 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.881 euroko diru-laguntza emango dio Udalari proiektu horrengatik.

Udaletik jakinarazi dutenez, "Astotegian, Soreasu eta Madalena inguruan, Loiolabiden eta Amue kalean" jarriko dira fase berri honetan sarexkak.

Urola ibaira hondakin eta plastikoak ez erortzeko sarexkak 2019. urtearen bukaeran hasi ziren jartzen Azpeitian, "herritar talde baten eskariz" eta joan den urtean 1.100 metro inguru sarexka jarri ziren "faseka".

Burdineko sareak jarritako helburua ondo betetzen dutela ikusita, orain, beste 1.400 metro jarriko dira; guztira, 2,5 kilometro ibai ertz babestuta geldituko direlarik.