- Aurreko urteotan izandako arrakasta ikusita, Azpeitiko Udalak Arreta soziosanitario titulua ateratzeko ikastaroa eskainiko du irailaren bukaeratik aurrera. Hori dela eta, ikastaroan parte hartu nahi dutenei zuzendutako informazio bilerak eta oinarrizko frogak egingo ditu Udalak uztailaren 6an eta 7an.

Udaletik azaldu dutenez, "herrian zaintzan lanean ari diren hainbat pertsonek, orain arteko ikastaroen ordutegi eta erritmoa lanarekin bateratzeko dituzten zailtasunen jakitun, ikastaroa pertsona horien beharretara egokitu egingo da eta egunean hiru ordu eta erdiko saioak izango dira".

Leire Goenaga, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren hitzetan, "zain-tza lanetarako Arreta soziosanitario ziurtagiria eskainiz, Udalak zaintza lanetan aritzen direnen profesionalizazioa bultzatu nahi du, eta bide horretan, lan horiek duintzeko egiten dugu esfortzua".

Ikastaroa irailaren bukaeran hasiko da baina ikastaroaren berri emateko eta izena eman nahi dutenek oinarrizko ikasketak ba al dituzten ziurtatzeko bilerak izango dira, txanda ezberdinetan, uztailaren 6 eta 7an.

Bertan, profesionaltasun ziurtagirien inguruko xehetasunak emateaz gain, ikasketa maila ezagutzeko oinarrizko froga bat egingo zaie interesatuei. Hala, maila ez dutenei profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko aurre-prestakuntza bat eskainiko zaie, "beharrezko gaitasunak bermatzeko".

Bilera eta frogara joateko izena gaur, bihar eta etzi eman ahalko da (8.30etik 14.30era bitartean) 943 255 006 telefono zenbakira deituz.