Azpeitia - Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak Herri ekimena eta kooperatibismoa izeneko bigarren nazio jardunaldia antolatu du hilaren 25erako Kultiba kooperatibarekin elkarlanean. Jardunaldi hori 9.30etik 13.30era bitartean egingo da Sanagustin kulturgunean eta bertaratzeko interesa duten herritarrek eta eragileek ekainaren 17ra arte eman dezakete izena (partaide-tza doanekoa da). Horretarako bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen duten Herri Batzordetik jakinarazi dutenez, Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldian bost lagunek hitz egingo dute: "David Fernandez katalanak eta Euskal Herriko lau esperientzia praktikotako ordezkariek".

Edonola ere, topaketari hasiera emateko David Fernandez kooperatibista kataluniarrak Balioak eta balioa hitzaldia eskainiko du. Fernandez kooperatibismoa zer den eta zertarako balio duen azaltzen saiatuko da bere agerraldian.

Horren ondoren Kooperatibismoa: zergatik eta nola gaia jorratzeko tartea irekiko da eta horretarako Euskal Herriko lau esperientzia emango dituzte ezagutzera.

Atal hau abiatzeko Azpeitiko berdura plazan kokatuta dagoen Elikagunea proiektuko bultzatzaileetako bat den Ioritz Aizpuruk Saltokiaz harago, dastaketa eta heziketa gunea hitzaldia emango du.

Era berean, Mondragon korporazioaren barruan dagoen Erreka Group kooperatibako ordezkaria den Cristina Etxegoien Industria produkzioaz mintzatuko da; Aiaraldean sortu duten Ekintza Faktoriako Gartzen Garaiok Eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz gaia jorratuko duelarik.

Azkenik, Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia borobiltzeko Goiener kooperatibako Naroa Elortzak hartuko du hitza, beti ere, Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa gaiari buruz mintzatzeko.

Ekainaren 25erako antolatutako nazio jardunaldi hau Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak prestatu duen egitarauaren bosgarren ekitaldia izango da.

Horren ondoren, Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurreneko programa osatzeko ekitaldi ofiziala izango da uztailaren 24an.